Miren Gorrotxategik urriaren 26an aurkeztuko du bere lehen eleberria

Uztarria.eus | Kultura
2016ko urr. 20a, 16:01

Iaz irabazi zuen Agustin Zubikarai bekara aurkeztu zuen 33 ezkil lanaren berri emango du azpeitiarrak Donostiako Elkar aretoan datorren asteazkenean.

Miren Gorrotxategi.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Datorren asteazkenean, urriak 26, aurkeztuko du Miren Gorrotxategik (Azpeitia, 1981) bere lehen eleberria: 33 ezkil. Iazko Agustin Zubikarai Sarira aurkeztu zuen Gorrotxategik orain plazaratzera doan lanaren proiektua, eta sari hori irabaztean jasotako bekaren bultzadarekin amaitu du liburua. 2015eko udazkenean jaso zuen Zubikarai beka eta, orduan iragarri bezala, urtebetera dator azpeitiarra nobela bukatuta.

Elkar argitaletxeak argitaratuko du Gorrotxategiren lehen eleberria eta Donostiako Elkar aretoan egingo dute aurkezpena, 10:30ean. Zubikarai beka jaso zuenean azaldu zuen Miren Gorrotxategik thriller erako nobela izango zela 33 ezkil. Elkar argitaletxeak aurkezpenaren atarian atera duen oharrean, honela azaltzen du: "Garizmendi baserriko Ferminek, aitzurrean ari dela, burezur bat topatzen du lurperatuta; hilotz hori ateratzera doazenean baina, desagertua da eskeletoa. Hildako zahar eta berriak, anaien arteko gorrotoak, belaunaldien arteko arrakalak, bikote ohien konpondu ezinak, droga eta jokoa... Osagai horiek eta gehiago topatuko dituzu Agustin Zubikarai saria irabazitako misteriozko eleberri honetan, eta idazle berri bat ere topatuko duzu, elkarrizketa nahiz flashback-etan bikain moldatzen dena, zer eta noiz kontatu ongi dosifikatuz, prosa arin bezain dotore batez".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu