Miren Gorrotxategi: "Hamabost bat urtez izan dut literatura alde batera utzita"

Uztarria.eus 2015ko aza. 3a, 15:45
Miren Gorrotxategi eta Jasone Osoro. (Nerea Bedialauneta/Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza)

Miren Gorrotxategik (Azpeitia, 1981) irabazi du aurtengo Agustin Zubikarai beka33 ezkil idatzi asmo duen eleberri proiektuari esker. Azaroaren 29an jasoko du saria, Ondarroan, Literatur Amuak jardunaldien baitan. Gero, urtebete izango du Gorrotxategik eleberria idazteko. 2016ko udazkenean argitaratuko dute liburua. Uztarria.eus-ek Gorrotxategirekin hitz egin du.

Zer dela eta aurkeztu zara Agustin Zubikarai beka deialdira?

Hamasei urterekin Urruzuno Saria jaso nuen, poema bati esker. Harrezkero, guztiz lagata izan dut literatura. Lehengo urtean bi hilabeteko bidaia egin nuen Madagaskarrera (Afrika), eta denbora libre asko izan nuen bertan. 'Zergatik ez berriz idatzen hasi?', pentsatu nuen han nengoela. Izan ere, garai batean gustatzen zitzaidan idaztea, eta denbora faltaren edo lan askoren aitzakian, utzita nuen. Handik bueltan, istripu txiki bat izan nuen, eta hilabete etxean egon nintzen. Orduan hasi nintzen berriz ere martxan, idazten. Agustin Zubikaraira bidali nuen nire eleberriaren proposamena, zerbait idatzita nuelako ordurako, eta probatze aldera. Izugarrizko sorpresa izan da irabaztea.

Beraz, beka jasotzerik ez zenuen espero.

Ez, ez. Inondik inora ere ez. Gainera, beka hori literaturaren munduan dabiltzanek jaso izan dute gehienetan. Iaz, adibidez, Jasone Osorok jaso zuen. Sorpresa atsegina izan da beka jasotzea.

Aurretik inoiz aurkeztu al zara halako beka deialdiren batera?

Aurkeztu izan naiz, iaztik hona. Sariketaren bat edo bestera bidali dut zerbait, baina zorterik gabe. Iaz hasi nintzen berriz mundu honetan muturra sartzen.

Aipatu duzunez, gaztetxo zinenetik datorkizu idazteko zaletasuna.

Tarterik ez nuelako hartzen utzi nion idazteari. Bidaiak pentsarazi egin zidan. Denbora librea neukan eta buruari bueltaka hasi nintzen. 'Benetan gustatzen zaidana bada, zergatik ez dut probatuko?', pentsatu nuen. Eta halaxe hasi nintzen. Hamabost bat urtez izan dut literatura alde batera utzita.

Idazten jarraitzeko asmoa al duzu?

Bai, aber zer ateratzen den hemendik. Orain, urtebetez, honekin ariko naiz buru-belarri. Ikusi beharko da eleberria gustatzen den edo ez. Behin nobela hau bukatuta ikusiko dut zer aukera dauden, jendeari gustatzen zaion edo ez, eta ikusi egin beharko da. Baina neuretzat idazten jarraituko dut, ziur. 

Urtebete duzu orain liburua idazteko, baina zer aurkeztu zenuen beka deialdira?

Nobelaren lagin bat eskatzen zuten beka honetan. Nobelaren zati bat. Izan zitezkeen lehen orriak, tartekoak... Nik lehen 40 orriak bidali nituen. Eta aparte, gutxi gorabeherako laburpentxo bat, istorioarekin nola segitzea pentsatzen dudan, zer estilo erabili dudan... Ez da zerotik ematen duten beka bat eta ezta lan amaitu bati ematen diotena ere. Beka da lana egiteko. Orain urtebete izango dut hori bukatzeko.

Fikziozko eleberria da 33 ezkila, baina errealitatea du oinarri. Zer kontatzen du istorioak?

Ez nekien ez nondik joko nuen eta ez non bukatuko nuen, baina istorioaren hasiera garbi nuen. Duela hogei urte gure osaba zulo bat egiten hasi zen Oñatzen, mendian, eta buruhezur batekin egin zuen topo. Aranzadikoei deitu zioten eta Pako Etxeberria etori zen bere emaztearekin. Asteburuan ibili ziren hezurrak ateratzen-eta. Azkenean, uste dut, XV. mendeko gizonezko baten hezurrak edo zirela aurkitutakoak. Buruan hori gelditu zitzaidan, eta eleberriari hasiera horrekin eman nion. Hortik aurrera abiatzen da fikzioa, eta lehen egoera hori da nobelak errealitatetik duen gauza bakarra.

Thriller generokoa da, ezta?

Ez da pentsatuta egindako aukeraketa izan. Hasierako egoera horretan buruhezur bat agertzen da, eta horrek, nahitaez, eman nau genero horretara. Dena den, gustatzen zait thriller generoko nobelak leitzea.

Nori zuzendutako lana da?

Helduei zuzendua izango da, printzipioz. Thiller generokoa da, baina nobela beltz edo misterio kutsua dauka. Kutsu hori da nobela batzen duena, lotzen duena, eta segitzeko haria ematen duena. Istorioko pertsonaiak oso normalak, egunerokoak, dira. Familia normal bat da, eta bertako kideei gertaera arraro edo desberdinak gertatzen zaizkie. Gertaera horiei aurre egin beharko diete. Edozein irakurlerentzako nobela izan daiteke eta edozein sentitu daiteke identifikatuta, bai istoriarekin eta bai pertsonaiekin. Familiako harremanak, guraso eta seme-alaben artekoak, bikote harremanak... agertzen dira eleberrian eta, beraz, edozein identifikatzeko modukoa da. Ez dut nobela astun bat egin nahi izan, irakurterraza eta bizia baizik. Ia gero zer ateratzen den, baina asmoa behintzat hori da.