Miren Gorrotxategik irabazi du Agustin Zubikarai beka

Uztarria.eus | Kultura
2015ko urr. 30a, 12:55

Fikziozko lana da, baina errealitatea du idatziko duen '33 ezkil' nobelak. Azaroaren 29an jasoko du saria, Ondarroan, Literatur Amuak jardunaldien baitan. Gero, urtebete izango du Gorrotxategik eleberria idazteko.

Miren Gorrotxategi. (Bizkaie)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Miren Gorrotxategik (Azpeitia, 1981) irabazi du aurtengo Agustin Zubikarai beka, 33 ezkil idatzi asmo duen eleberri proiektuari esker. Idatziko duen nobela thriller bat izango dela azaldu du azpeitiarrak. Fikziozko lana da, baina errealitatea duela oinarri dio Gorrotxategik. "Aitzurrean dabil Fermin baserrian eta garezur bat topatuko du lurpean. Duela hogei urte inguru gure osabak halaxe aurkitu zuen burezur bat lursail batean: gogoratzen dut Pako Etxeberria etorri zela indusketa-lana egitera, eta gogoan tinko geratu zitzaidan gertakari hura. Hortik abiatzen da fikziozko istorio hau".

Guztira, 13 lan aurkeztu dira Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako beka deialdira, eta Gorrotxategirena hautatu dute Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osatutako epaimahaiak. Azaroaren 29an jasoko du saria, Ondarroan, Literatur Amuak jardunaldien baitan. Gero, urtebete izango du Gorrotxategik eleberria idazteko. 2016ko udazkenean argitaratuko dute liburua.

Gaztetxoa zela Urruzuno literatur lehiaketa irabazitakoa da Gorrotxategi. Itzulpengintzan lizentziatua eta Turismoan diplomatua da, eta Elgoibarko ikastolako irakaslea da egun.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu