2014an ere ekonomia sustatzera bideratuko du Udalak inbertsio nagusia, milioi bat euro baino gehiagorekin

Uztarria.eus 2014ko ots. 14a, 20:08

Bildu EAJren adostutako kontuek bi alderdion aldeko botoekin eta Hamaikabaten kontrakoarekin onartu dituzte. Aurtengo aurrekontu orokorra 18.133.862 eurokoa da, eta Udalaren aurrekontu propioa 17.132.093 eurokoa. 2011tik lehen aldiz, urte batetik bestera gora egin du aurrekontuen kopuruak.

Azpeitiko Udalak onartu ditu 2014rako aurrekontuak. Atzo, osteguna, ez ohiko Udalbatzarrean hasierako onarpena eman zieten udal aurrekontuei. Bildu EAJren adostutako kontuek bi alderdion aldeko botoekin eta Hamaikabaten kontrakoarekin onartu dituzte. Aurtengo aurrekontu orokorra 18.133.862 eurokoa da, eta Udalaren aurrekontu propioa 17.132.093 eurokoa. 2011tik lehen aldiz, urte batetik bestera gora egin du aurrekontuen kopuruak; hauek dira 2011, 2012 eta 2013 urteetan onartutako aurrekontuak.

Eneko Etxeberria alkateak azaldu zuenez, aurrekontuak gauzatzerakoan "hiru iturri" erabili dituzte: Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa, Udalean ordezkatutako alderdien ekarpenak, eta Denon Artean prozesu parte-hartzailean jasotakoak. Eta 2013an bezala, irizpide nagusi ekonomia sustatzea hartuta osatu ditu aurrekontuak Azpeitiko Udalak.

"Azpeitia dagoen egoeran -nabarmendu zuen alkateak Udalbatzarrean- Udalak apustua egin beharra dauka". Aurrekontuak "oso ausartak" direla gaineratu zuen Etxeberriak, "inbertsio potenteekin, herritarren beharrei erantzunez" egindakoak. Hain zuzen ere, inbertsioen atalean diru gehiena ekonomiaren sustapenarekin lotutako ekimenetara zuzenduko dute, krisi ekonomikoari aurre egiteko; guztira milioi bat euro pasa. Horren barruan daude, besteak beste, Udalaren sustapen ekonomikorako plana, Aldunditik bideratutako eraldaketa industrialerako plana, garapen komunitarioa eta formazioa, Iraurgi Berritzenera bideratutako partidak edota egun osoko aldi baterako zortzi lanpostu sortzearen aurreikuspena.

Beste inbertsio batzuk

Ekonomiari estu lotutakoez gain badira Udalak 2014rako aurreikusi dituen beste inbertsio batzuk ere:

  • Azoka plazaren eraberritzearekin lotuta, eraikinaren teilatua berritzea.
  • Herriko plaza eraberritzea. Plaza oinezkotzea da asmoa, eta hori "ahalik eta prozesu zabalenaren bidez" egitea proposamena. Oinezkotuko balitz, "aparkaleku alternatiboak proposatzea eta lantzea" aurreikusten dute.
  • Soreasun, alde batetik, lur azpiko parkinga "sustatzea" nahi du Udalak, "Alde Zaharreko bizilagunekin". Bestetik, eraikinari dagokionez, "teknikoki posible bada" hango eremu bat behintzat egokitu eta erabilera ematea aztertzen ari dira.
  • Basazabal jauregirako "egitasmoa aztertzea" ere jaso du Udalak aurrekontuetan, baita horretarako diru-laguntza eskatzea ere.
  • Iraurgi Ikastetxearen Haur Hezkuntzako gelak Milagrosatik Betharramera eramatea aztertzea.
  • Udal igerilekuko instalazioak handitzea eta eraberritzea.
  • Bidegorriak. Urrestillakoaren trazatua erabaki eta finkatzea, eta abian jartzeko pausoak ematea, "teknikoki eta finantzarioki". Lasaotik Zumaia arteko bidegorria abian jartzeko eskaerak indartzea.

Horiez gain, eta besteak beste, alokairura bideratutako etxebizitza plan propioa indarrean jartzeko asmoa du Udalak, Gizarte Zerbitzuak indartzea, etorkinen inguruko lanketa areagotzea, Plan Estrategikoaren jarraipena egitea eta, hondakinen kudeaketari dagokionez, udaberrirako plangintza berriaren diseinuaren azterketa bukatuta izatea.

Alde eta kontra

Oposizioan dauden bi taldeen botoaren joerak kontrako norabidea hartu du iaztik hona, udal aurrekontuen eztabaidan. Horrela, iaz abstenitu egin zen EAJk aurrekontuen alde bozkatu du aurten, "gure ekarpen guztiak kontuan" izan direlako; 2013an alde bozkatu zuen Hamaikabatek, aldiz, kontrako boza eman du aurten, bere ekarpenei "kasorik egin ez" zaielako.

Aurrekontuen alde bozkatu du EAJk, bat datorrelako "krisi egoera dela-eta Udala esfortzu berezi bat egin beharrean" dagoela baieztatzerakoan. Udalaren finantza egoera "nahiko ona da", diote, "ekimenak indarrean jartzeko eta ezin dugu lo egon, are gutxiago sektore pribatua jasaten ari den egoera txarrarekin". Hala ere, Udal Gobernuaren kudeaketan zer hobetua badela deritzo EAJk. Aurrekontuak "ia bi hilabeteko atzerapenarekin erabakitzea" aurpegiratu zion Bilduri. "Bost pertsona zaudete liberatuta", esan zuen Aitor Gorrotxategik, "lan gehiago egin daitekeela uste dugu". Bestetik, aurrekontuak osatzeko prozesuan bilera gutxiegi egin direla uste dute jeltzaleek eta, azkenik, aurrekontuen "jarraipen zorrotza" egingo dutela agindu du oposizioko talde nagusiak, jasotako ekimenak indarrean jarriko direla ziurtatzeko.

Aitor Arangurenek, berriz, Udalean berak ordezkatzen duen Hamaikabatekiko "errespetu falta" leporatu zion Eneko Etxeberria alkateari. Beren ekarpenak kontuan ez hartzeaz gain, EAJrekin adostasunera iristeko egin duen ahalegin bera Hamaikabatekin ez egitea kritikatu zion Udal Gobernuari. Arangurenek, gainera, 2014ko aurrekontuen "hiru iturrietatik bi itxita" ikusi ditu; haren ustez, aurrekontuak Plan Estrategikoaren lotzeko "ahaleginik ez" da egin, eta Denon Artean prozesuaren "informaziorik ez zaigu eman, eta ez da minutu bat dedikatu egin diren ekarpenak aztertzera".

Azpeitiko Udalaren 2014ko aurrekontuak

Azpeitiko Udalaren 2013ko aurrekontu orokorra: 18.133.862,02 euro (2013an 17.502.851 euro)

Udalaren aurrekontu propioa: 17.132.093,25 euro (2013an 16.304.180 euro)

Euskara Patronatua: 674.219,68 euro (2013an 602.627,75 euro)

Udal Kirol Patronatua: 1.092.307,30 euro (2013an 1.094.266,28 euro)

Azpeitia Lantzen, SA: 242.000,00 euro (2013an 368.321,00 euro)

 

Udalaren 2014ko aurrekontua, sailez sail:

  • Ogasuna eta Kontuak: 962.711,31 euro
  • Hirigintza eta Ingurume: 1.602.700,00 euro
  • Hezkuntza eta Euskara: 777.530,91 euro
  • Kultura eta Gazteria: 766.300,00 euro
  • Kirolak: 1.597.807,30 euro
  • Gizartekintza: 1.143.620,00 euro
  • Langileria eta antolakuntza: 5.235.614,32 euro
  • Festak: 495.000,00 euro
  • Zerbitzu orokorrak: 3.161.700,00 euro
  • Alkatetza: 231.000,00 euro
  • Industria, merkataritza eta turismoa: 810.209,41 euro
  • Parekidetasuna: 113.900,00 euro
  • Baserriak: 234.000,00 euro