2013ko aurrekontuetan 700.000 euro ekonomia sustapenerako bideratuko ditu Udalak

Urola Kostako Hitza 2013ko mar. 22a, 19:15

Azpeitiko Udalaren 2013rako udal aurrekontu orokorra 17.502.851 eurokoa da, eta Udalaren aurrekontu propioa 16.304.180 eurokoa. Bildukoen eta Hamaikabatekoaren aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin onartu dituzte aurtengo diru-kontuak.

Aurtengo udal aurrekontua onartu zuten atzo, osteguna, ez-ohiko plenoan; Bildukoen eta Hamaikabatekoaren aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin. Azpeitiko Udalaren 2013rako udal aurrekontu orokorra 17.502.851 eurokoa da, eta Udalaren aurrekontu propioa 16.304.180 eurokoa. Eneko Etxeberria alkateak (Bildu) nabarmendu duenez, Udalak aurreneko aldiz sustapen ekonomikorako 700.000 euro aurreikusi ditu. "Diru hori gero nola banatzen dugun eta zertan erabili denon artean erabaki beharko dugu", azaldu zuen alkateak. Bost irizpide kontutan hartuta osatu ditu Udalak aurtengo aurrekontuak: ekonomia suspertzeko plana, udal baliabideen optimizazioa, gizarte politikak indartzea, auzoetako beharrei erantzuteko inbertsioak eta ingurumen kalitatea hobetu eta iraunkortasuna sustatzeko politika berriak egitea.

Aurrez aurrekontu proiektua azalduta zutela eta "gardenatsunez" azalduta dagoela uste du alkateak. Prozesuaren inguruan beste alderdikideek ez dute aitzakia handirik jarri, aurten aurrekontuak egiteko prozesua iazkoa baino hobea izan dela esan baitute. "Nahiz eta prozesua denon aldetik ondo joan, beti dago zer hobetu. Hasiera-hasieratik bost irizpide nagusi jarri genituen mahai gainean, hoiek adostu eta horren gainean osatu ditugu aurrekontuak. Uste dugu, sektore publikoak arriskatu beharra daukala". Aurrerantzean ere, kudeaketa moduaz eztabaidatu eta adostasunera iristeko aukerak izango dituztela nabarmendu zuen alkateak.

Oposizioaren balorazioa

Aitor Gorrotxategi zinegotziak (EAJ) azaldu zuenez, aurtengo prozesua "nahiko txukuna" izan da. Iazkoarekin alderatuta, aurtengo lan ildoa desberdina izan delako, "behetik gora hasi gara eta nahiz eta oraindik hobetzeko asko egon, aurrerapausoak ikusi ditugu Ogasun Batzordeko eztabaidan". Aurrekontuaren ildo estrategikoak ekonomia eta enpleguaren sustapena, etorkizunerako plan estrategikoa eta udal barneko giza baliabideen optimizazioa izanarekin bat datoz jeltzaleak. "Ildo hoiekin bat egiten du gure alderdiak, baina garbi diogu, ildo horietako erabakiak gurekin kontatu edo eztabaidatu gabe erabakitzen badira aurrean izango gaituzuela", esan zuen Gorrotxategik. Planteamendua ona izan arren, lanketa handia eskatzen duela nabarmendu zuten. Jeltzaleen ustez oraindik egiteko asko dago, eta hainbat kontu "oraintxe" aztertzen hasi izana kritikatu dute. Aurrekontuaren hainbat atal aurreko aurrekontuetatik datozelako hausnarketa bat eskatzen dutela uste du EAJk, "hala nola, Ikasberri eta Iraurgiko hitzarmenak, Kultur Mahaiko teknikaria, Uema, gazteriako zerbitzuak... Guk ez dugu esaten kendu egin behar direnik, baina bai hausnarketa bat eskatzen dutela". Udalak aurrekontuak urtea bukatzerako onartu beharko lituzkeela azaldu dute EAJkoek. Horrez gain, iaz udalak ordu estrak ordaintzen zenbat gastatu zuen galdetu dute eta baita ere Denon Artean prozesuaren parte-hartzea herritar guztien zenbatekoa den ere. EAJkoak abstenitu egin ziren udal aurrekontuak onartzeko orduan, "herriak aurrekontuak izatea merezi duelako guk ez ditugu oztopatuko". Iazko ezezkotik abstentziora pasatu izanak bilakaera positiboa adierazten duela ere esan zuen Gorrotxategik.

Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotziak ere iazko udal aurrekontuari ezezkoa eman zion, baina aurtengoa onartu egin du. "Aurtengo udal aurrekontuak onartzeko prozesuak iazkoarekin ez du zerikusirik izan. Aurten prozesuak izan duen irekitasuna eskertzen dut. Hala ere, nire gusturako zenbakiei buelta gehiegi eman dizkiegu", esan zuen. Aurtengo udal aurrekontuak osatzeko Bilduk aurkeztutako bost irizpide nagusiekin Hamaikabatek bat egiten duela azaldu zuen. Arangurenek, aurrekontuekin lotuta hainbat proposamen edota ekarpen ere egin du, hala nola, Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa datozen bi urteotako aurrekontuekin lotzeko konpromisoa eskatu du, baita Udalaren gain dauden erakundeen efizientzia eta optimizaziorako berrantolaketa lantzea ere. Gizarte politikak indartzearekin ere bat etorri da Hamaikabateko ordezkaria, "gizarte oreka mantentzeko eta zailtasun handienak dituztenei laguntzeko oinarrizko zutabea baita". Ekonomia suspertzeko, berriz, "apustu estrategiko sendoa" egin behar luke Udalak. Hamaikabatek Azpeitia aurrera ateratzeko lanean segituko duela ere azaldu du Arangurenek.

Azpeitiko Udalaren 2013ko aurrekontua

Azpeitiko Udalaren 2013ko aurrekontu orokorra: 17.502.851 euro. (2012an, 17.715.250 euro).

Udalaren aurrekontu propioa: 16.304.180 euro (2012an: 16.563.950).

Euskara Patronatua: 602.627 euro (2012an: 585.929 euro).

Udal Kirol Patronatua: 1.094.266 euro (2012an: 1.107.126 euro).

Azpeitia Lantzen SA: 368.321 euro (2012an: 388.000 euro).


Udalaren 2013ko aurrekontua, sailez sail:

  • Ogasuna eta kontuak: 1.046.532
  • Hirigintza eta ingurumena: 1.433.800
  • Hezkuntza eta euskara: 836.821
  • Kultura eta gazteria: 770.800
  • Kirolak: 1.080.916
  • Gizartekintza: 1.123.120
  • Langileria eta antolakuntza: 5.260.986
  • Festak: 498.000
  • Zerbitzu orokorrak: 3.094.050
  • Alkatetza: 241.000
  • Industria, merkataritza eta turismoa: 536.654
  • Parekidetasuna: 96.500
  • Baserriak: 285.000