Hangorik ez, baina hemengoak bai

Uztarria.eus 2014ko ots. 8a, 21:28

Azpeitiaren eta Zuberoaren arteko kultur hartu-emanen asteburua da hau, Hebentik... zubiak ekimenarekin. Gaur, zapatua, hemengo eta hango ahotsak uztartuko zituen kantu jira zegoen iragarrita egitarauan. Azken orduan, ordea, Zuberoatik etortzekoak zirenek ezin izan dute Azpeitian egon arratsean, eta herriko kantariz osatutako taldea ibili da kalez kale abesten. Herriko kantujira ekimenean elkartzen direnekin eta Julian Barrenetxea Abesbatzekoekin, berrogei lagun inguru elkartu dira.

Sendaezinak eta Joxe Replay taldeekin 23:00etan hasita Sanagustinen izango den kontzertuarekin osatuko dira zapatukoak.

Pilota, dantza eta Pilotarhitza

Igandean, berriz, iparraldeko pilota modalitateak, dantzak eta, nola ez, Pilotarhitza ikuskizuna izango dira hitzordu nagusiak. Hona hemen Hebentik... zubiak-en azken egunaren egitaraua:

  • Iparraldeko pilota jokamoldeak (Frontoi Txikian, 10:00etatik 12:00etara). Ilunpeko kideek eta Zuberoako pilotazaleek gidatuta, ikusi zein probatu nahi duen ororentzat.
  • Zuberoako dantza tailer herrikoia (Eguraldi ona bada plazan, bestela Sanagustinen, 12:00etatik 13:30era). Herriko dantza taldeekin eta Hebentikekoekin, hau ere probatu nahi duen ororentzat irekita.
  • Hebentik Kultur Elkartearen eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren topaketa(eguerdian, Sanagustinen). Argazkia, elkartrukea, bazkaria...
  • Pilotarhitza ikuskizuna (Sanagustin kulturgunean, 19:00etan). Sarrerak aurrez salgai, 8 euroren truke, Sanagustinen bertan eta sanagustinkulturgunea.net webgunean. Egunean bertan, berriz, 10 eurotan salduko dituzte.