Zuberoako kulturari ateak irekiko dizkio Azpeitiak otsaileko bigarren asteburuan

Uztarria.eus | Kultura
2014ko urt. 29a, 17:43

Azpeitiko Sanagustin kulturguneak eta Zuberoako Hebentik Kultur Elkarteak Hebentik... zubiak ekimena elkarlanean osatu eta datorren hilaren 7tik 9ra gauzatuko dute. Zinema, musika, dantza, pilota... askotariko ikuskizun eta ekitaldiek osatzen duten egitaraua Pilotarhitza ikuskizunaren emanaldiarekin bukatuko da.

'Hebentik... zubiak' ekimenean parte hartuko duten herriko kultur eragileetako ordezkariak, asteartean, Sanagustin atarian.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Hegoa eta iparra. Gipuzkoa eta Zuberoa. Azpeitia eta Maule. Hain gertu eta, era berean, hain urrun dauden errealitateak. Eta errealitate horien arteko zubi-lana egitearen nahia; kasu honetan, kultur eragileengandik sortua, Azpeitiko Sanagustin kulturgunearen eta Mixel Etxekopar musikariaren arteko hartu-emanetatik, bereziki. Hazi horiek ernaldu dute Hebentik... zubiak ekimena, otsailaren 7, 8 eta 9an Azpeitian gauzatuko dena.

Sanagustin kulturguneak eta Zuberoako Hebentik Kultur Elkarteak -haren sortzaileetakoa da Etxekopar- elkarlanean osatu dute otsaileko bigarren asteburuan fruitua emango duen ekimena. "Hego, ipar, goi eta behe irauli nahiak eta oraindik barne eskemetan ditugun mugak hautsi asmoz" sortu dute Hebentik... zubiak, hemengo eta hango kultur eragileen arteko "harreman informaletatik" abiatuta, Sanagustin kulturguneko programatzaile Aitor Bengoetxea Ondarru-ren hitzetan; "izatez horren gertu eta sarri horren urrun sentitu ohi ditugun kultur jende eta jardunen erakusleiho izan nahi du gurean".

Zuberoan duten kultur errealitatea, sormen prozesuen dinamika, partekatzeko modua, euskararen erabilera... asko dugu ikusteko, asko entzuteko. Partekatu, bide eman, elkarlana sustatu eta batik bat Euskal Herriaren beste txoko batean kultur jarduna nola bizi duten ulertzeko aukerak sortzea da helburua", diote Azpeitiko Sanagsutin kulturgunekoek ekimenaren aurkezpenean. "Hebentik elkartea han kultur mahai bat bezala dela esan dezakegu, baina Zuberoa osorako, eta zailtasun gehiagorekin", azaldu du Ondarruk. Biztanleriaren alderaketan ere badute antzik, kopuruan bederen, Azpeitiak eta Zuberoak: Ipar Euskal Herriko lurralde hartan guztira 15.000 lagun bizi dira; Azpeitian baino askoz gehiago ez, beraz, baina bai askoz sakabanatuago.

Askotariko ekitaldiak

Azpeitia Zuberoako kultur jardunaren erakusleiho izango da Hebentik... zubiak-ekin, baina baita partaide ere. Izan ere, Zuberoatik hona beraiena erakutsi eta ematera etorriko den jendearekin batera ariko dira Azpeitiko hainbat talde ere. Ta3 Zineklubak, kantujirakoek, Julian Barrenetxea Abesbatzak, musika taldeek, Ilunpe Pilota Elkarteak, Luis Alberdi Beltza-ren dantza sueltoko eskolak eta haren ikasle diren Azpeitiko Ikastola Ikasberriko guraso taldeak, Itsasi Dantza Taldeak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak parte-hartze zuzena izango dute ekimenean, Kultur Mahaiarekin eta Sanagustin kulturgunearekin batera, eta Udalaren laguntzarekin.

Zinema, musika, dantza, pilota... askotariko ikuskizun eta ekitaldiek osatzen duten egitaraua Pilotarhitza ikuskizunaren emanaldiarekin bukatuko da. Pilota, dantza, musika eta bertsoa uztartzen dituen ikuskizuna da Pilotarhitza, eta Hebentik... zubiak ekimenaren "zutabe" bezala aurkeztu dute antolatzaileek.

Hona hemen, Hebentik... zubiak-en egitarau osoa:

Otsailak 7, ostirala

  • Xora filmaren proiekzioa eta mahai-ingurua (Soreasu antzokian, 21:30ean). Zubereraz egindako lehen filma da Xora. Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zutenetik, Hegoaldean zinean ikusteko lehen aukera izango da Azpeitikoa. Sarrera: 3 euro.

Otsailak 8, zapatua

  • Kantujira (19:00etan hasita, kalez kale). Azpeitiko eta Zuberoako lagunak elkarrekin kantuan arituko dira.
  • Kontzertuak: Sendaezinak eta Joxe Replay (Sanagustin kulturgunean, 23:00etan). Etxeko taldea bata, Baionakoa bestea. Sarrera doan izango da.

Otsailak 9, igandea

  • Iparraldeko pilota jokamoldeak (Frontoi Txikian, 10:00etatik 12:00etara). Ilunpeko kideek eta Zuberoako pilotazaleek gidatuta, ikusi zein probatu nahi duen ororentzat.
  • Zuberoako dantza tailer herrikoia (Eguraldi ona bada plazan, bestela Sanagustinen, 12:00etatik 13:30era). Herriko dantza taldeekin eta Hebentikekoekin, hau ere probatu nahi duen ororentzat irekita.
  • Hebentik Kultur Elkartearen eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren topaketa (eguerdian, Sanagustinen). Argazkia, elkartrukea, bazkaria...
  • Pilotarhitza ikuskizuna (Sanagustin kulturgunean, 19:00etan). Sarrerak aurrez salgai jarriko dituzte, 8 euroren truke, Sanagustinen bertan eta sanagustinkulturgunea.net webgunean. Egunean bertan, berriz, 10 eurotan salduko dituzte.

Pilotarhitza ikuskizunaren pasarteak jasotzen dituen bideoa duzue behekoa.

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu