Ehundaka lagunen babesa jaso du zuzenean Eneko Ibargurenek

Uztarria.eus 2013ko urr. 4a, 22:32
Jendetza elkartu da plazan, 'Tantaz tanta euskal presoen eskubideen alde. Konponbidearen alde' zioen pankartaren atzean.

Azpeitiarraren atxiloketa eta Herrira-ren kontrako operazioa salatzeko kontzentrazio jendetsua egin dute plazan iluntzean. Bukaeran, hitza hartu du Ibargurenek berak, azken egunetan jaso duen babesa eskertzeko. "Kartzelak husteko garaia da, ez gehiago betetzeko", esan du.

Azpeitiko plaza jendez bete da ostiral iluntzean, Herrira-ren kontrako operazioa gaitsezteko eta tartean atxilotua izan zen Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarrari babesa adierazteko. Eguerdian bereziki langileek eta ikasleek egin duten bezala, ehundaka izan dira Tantaz tanta euskal presoen eskubideen alde. Konponbidearen alde zioen pankartaren atzean elkartu diren herritarrak.

Ibarguren, Herrira-ren inguruan atxilotutako beste 17 lagunak bezala, atzo, osteguna, aske utzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak, baina karguekin. Libre gelditu eta denbora gutxira eginiko adierazpenetan, atxiloketen ondoren Euskal Herrian sortutako elkartasun mugimenduaz galdetuta, "zuzenean ezin izan dugu jaso babes hori, baina geunden ziegetan sentitu dugu berotasuna", zioen azpeitiarrak. Atzo gauean iritsi zen Azpeitira eta, gaur, zuzenean jaso ahal izan du herrikideen babesa eta atxikimendua. Elkarretaratzearen bukaeran, hitza hartu du Ibargurenek berak, azken egunetan jaso duen babesa eskertzeko: Udala, etxekoak, lagunak eta mobilizazioetan parte hartu duten herritar guztiak izan ditu gogoan. Euskal presoen eskubideen alde lanean jarraitzearen garrantzia ere nabarmendu du Ibargurenek, "egunotan sortu den elkartasun giroak izan behar du bidea", esan du. "Kartzelak husteko garaia da, ez gehiago betetzeko", gehitu du, urrian bertan hasiko diren bi makroepaiketak -herriko tabernen auzikoa eta Segiko kideena- eta, bereziki, haietan epaituak izango diren Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna eta Mikel Arregi Ertxin gogora ekarrita.

Plazan elkartutakoek txaloz agurtu dute Ibarguren. Kontzentrazioa bukatzeko, Felipe Murillok Mikel Laboaren Txoria txori abestu du, Mari Jose Bikendik soinuarekin lagunduta.