Hurrengo ordu eta egunetan hainbat mobilizazio izango da, Herrira-ren kontrako operazioa salatzeko

Uztarria.eus 2013ko urr. 4a, 14:42

Gaur, ostirala, elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek plazan, gehiengo sindikalak eta ikasle mugimenduak deituta. Arratsaldean ere izango dira mobilizazioak, eta bihar nazio manfestazioa egingo dute Bilbon.

Herrira herri mugimenduaren kontrako operazioa salatzeko hainbat herritarrek elkarretaratzea egin du 12:00etatik 12:30era, plazan. ELA, LAB, ESK, Eilas, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek deitu eta CCOO-k babestu dute eguerdiko lanuztea, eta herriko ikasleek ere bat egin dute deialdiarekin. Gaur mobilizazio ugari izango da herrian (gazte mugimenduak eta hainbat herritarrek deituta), eta bihar Bilbon manifestazioa izango da. Mobilizazio guzti horietan parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute elkarretaratzean, eta atxilotuak aske gelditu arren guztiek inputatuta jarraitzen dutela, "talde terroristako kide izatea, goratzea eta finantzatzea" leporatuta eta Herrira-ren egoitzak bi urterako itxita geratuko direla, esan dute, besteak beste.

Zapatuan, 17:30ean Casillatik abiatuta, Herrira-ren kontrako operazioari erantzunez manifestazioa egingo da Bilbon, Tantaz tanta euskal presoen eskubideen alde, konponbidearen alde aldarriarekin.

Manifestazio horretara joan nahi duten azpeitiarrek herritik Bilborako joan-etorria egiteko autobusa izango dute, hala nahi izanez gero. Autobusa 16:00etan abiatuko da anbulatorio aurretik, eta bertan joateko asmoa dutenek Sanagustinen, Jim Clark-en, Orkatzen eta Txarrantxan eman dezakete izena.

Atzo, astelehena, utzi zuen Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak aske Eneko Ibaguren Kurku azpeitiarra, astelehenean beste hamazazpi lagunekin batera, Herrira-ren kontrako sarekadan atxilotu eta gero. Atzo 22:30ak inguruan egin zioten herritar ugarik ongi etorria Ibargureni, Orkatz Kultur Elkartean.

Ibargurenen ongi etorriko bideoa eskegi du Urola Kostako Hitza-k webgunean. Ikusteko egin klik hemen.

Hemen datozen orduetarako deituta dauden mobilizazioen zerrenda:

  • 10:30ean, plazan: herria euskal preso eta iheslarien aldeko aldarrikapenez bete
  • 12:00etan, plazan: kontzentrazioa
  • 16:30ean, Txarrantxan: bideo emanaldia eta ondoren solasaldia
  • 18:00etan, plazan: Tantaz tanta, konpromiso uholdea (mosaikoa)
  • 19:30ean plazan: kontzentrazio isila