Eneko Ibarguren atxilotu dute Herrira-ren kontrako operazioan

Berria.info, Uztarria.com | Politika
2013ko ira. 30a, 11:09

Guardia Zibilek Loiolako liburutegian atxilotu dute Ibarguren, "Gipuzkoako Herriraren zuzendaritzako kide izatea" egotzita. Gaur, astelehena, manifestazioa izango da 19:00etan, plazatik abiatuta. Guztira hamazortzi lagun atxilotu dituzte.

Gaur goizean atxilotu dute Ibarguren Loiolako liburutegian.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Goizeko 10:30ak inguruan sartu da Guardia Zibila Herrira herri mugimenduaren Bilboko, Iruñeako, Gasteizeko eta Hernaniko egoitzetan. Orotara, hamazortzi lagun atxilotu dituzte: hamar Hernaniko egoitzan, eta beste zortzi atxilotuetatik bost Gipuzkoan, eta bana Bizkaian, Araban eta Nafarroan. Atxilotuen artean da, Eneko Ibarguren azpeitiarra. Loiolako liburutegian atxilotu dute Ibarguren, eta Espainiako Barne Ministerioak "Gipuzkoako Herriraren zuzendaritzako kide" izatea egotzi dio.

Ibagurenen eta beste hamazazpi lagunen atxiloketa dela-eta, gaur, astelehena, manifestazioa egingo dute 19:00etan, plazatik abiatuta.

Ibargurenez gain, Amaia Esnal Urnietan, Ekain Zubizarreta Andoainen eta Imanol Karrera Iruñean, Ane Zelaia Gasteizen eta Roverto Noval, Ibon Meñika, Nagore Garcia, Manu Ugartemendia, Jon Garai, Sergio Labayen, Eneko Villegas, Jose Antonio Fernandez, Oscar Sanchez eta Jesus Mari Aldunberri Hernanin atxilotu dituzte. Berriak jakin ahal izan duenez goizean Lizartzan (Gipuzkoa) kalez jantzitako poliziek herritar bat atxilotu dute. 

Epaileak Herriraren egoitzak ixteko agindua eman du, eta sare sozialetan dituzten kontuak eta diru kontuak blokatzeko. Operazioa Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta Instrukzio Epaitegiak agindu dute, Eloy Velasco epailea buru duela. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako komandantzietako Guardia Zibilak hartu dute parte operazioan, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, "beste unitate batzuen laguntzarekin".

Egoitzak ixteaz gain, @Herrira_info eta Twitterreko beste 31 kontu eta Facebookeko 125 kontu inguru ixteko agindu du. Horiez gain, El Mundok dioenez 38 webgune ixteko ere agindu du epaileak. Baita Herriraren diru kontuak ere. 

Presoen omenaldiak

Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunaren oinordeko delakoan burutu dute operazioa Herriraren aurka. ETAko kideen omenaldiak eta presoen ongi-etorriak antolatzea leporatzen die Guardia Zibilak, "ehundik gora". 

ETAko kideen omenaldiak antolatzea leporatzen die Guardia Zibilak atxilotuei, omenaldi horietan "delituak justifikatu eta ETA erakunde terrorista goratu" egiten dela argudiatuta. Gaineratu du, pasa den udan "ongi-etorri kanpaina" bultzatu dutela atxilotatukoek. Horietan ETA goratu eta justifikatu egin dela dio, eta horrek biktimen salaketa "asko" ekarri dituela, "mespretxatu dituztelako".

Agerraldia egin du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, operazioaren berri emateko. Herrira "ETAren tentakulua" dela esan du, eta berretsi Madrilek ez duela erakunde armatuarekin negoziatuko. "Zuzenbide estatua ez dago etenda; gobernuak ez dio egin beharrekoa egiteari utzi ETAren desegitea lortzeko".

Fernandez Diazen esanetan, Herrira-k "bere egin ditu Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren helburuak, egitura, funtzioak, metodoak, finantzaketa erak, ikonografia eta sare komunikatiboa". Horrek "agerian" uzten du Herrira AAMren oinordekoa dela, Fernandez Diazen arabera.

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Ernai | 2013-09-30 : 13:16

Horrelako erasorik ez dago onartzerik
19:00etan denok plazara!

Erabiltzailearen aurpegia da hau Iban Arregi | 2013-09-30 : 14:55

Euskal gizarteak eta euskal klase politikoak ezin du halakorik onartu, oso serioa da egin dutena, oso larria. Besarkada bat Kurkuri eta familiari, eta baita ingurukoei ere.

Erabiltzailearen aurpegia da hau Ane Aranburu | 2013-09-30 : 15:42

Nun daude gure eskubidiek, nun "demokrazia"? Euskal klase politiko osuen erantzune ikusi beharko da. Besarkada bat hemendik Kurku eta etxekuei.

Erabiltzailearen aurpegia da hau Xabi Borda | 2013-09-30 : 22:19

Aupa Kurku!

Urruti samar nabilek, manifestaziora eta joateko, baina besarkadarik handiena heuri ta etxekoei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu