Akordiorik gabe amaitu da Corrugadoseko espedientearen negoziazio epea

Berria 2013ko mai. 24a, 13:47
Atzo, osteguna, Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileak, Madrilen.

Kaleratzeen egutegia ez du prestatu oraindik enpresak; zerbitzaria berea duenez nahi duena egingo duela esan du.

Amaitu da fase bat Corrugadoseko langileen eta Gallardo Taldearen arteko gatazkan, eta beste bat hasiko da orain. Negoziazio epean nahi zutena lortu ez dutenez, epaietegietara joko dute langileek. Atzoko bileran (azkenengoa zen) Azpeitiko lantegia itxi eta Lasaokoan 38 lagun kaleratzeko asmoari eutsi dio enpresak. Langileek ez dute kalte-ordainei buruz hitz egin nahi izan, eta lanpostuak mantentzea aldarrikatu dute berriro ere.

Berrikuntza gisa, borondatez enpresa uzteko aukera emango duela esan du Gallardo Taldeak. Horretarako, ekainaren 15a baino lehen eman beharko da izena. Kaleratzeak nola egingo dituzten galdetu zieten langileek enpresako ordezkariei. Oraindik ez dutela egutegirik erantzun zieten.

Oporrei buruzko epai batean langileei eman zien arrazoia epaileak. Enpresak atzo jakinarazi zuen helegitea jarriko duela erabakiaren aurka. Halaber, EAEko Justizia Auzitegiak 60 langile kaleratzeko espedientea baliogabetu zuen abenduan. Horri ez dio helegiterik jarriko, baina langile horiek besteekin batera kaleratuko ditu.

Azken egunotan, Corrugados Azpeitiako zerbitzaria Zamudiotik Extremadurara eramatea leporatu diote Gallardo Taldeari langileek. Horri buruz galdetuta, zerbitzaria berea dela eta nahi duena egingo duela erantzun du zuzendaritzak.  Aldaketa handirik ezean, beraz, Corrugados Azpeitia itxi eta 300 langile kaleratuko ditu enpresak, eta 38 langile botako ditu Lasaon.