Corrugados Azpeitiako zerbitzaria Jerez de los Caballerosera eraman nahi dutela salatu dute

Uztarria.eus 2013ko mai. 20a, 18:33

Enpresa Batzordeak dio "mugimendu horrekin enpresa deskapitalizatzen ari" dela Gallardo Taldea, eta Azpeitiko lantegiko langile guztiak kaleratzeko hartua duen erabakiaren adierazle dela. Bihar, asteartea, Gasteizko Legebiltzarraren atarian elkarretaratzea egingo dute langileek.

Corrugados Azpeitiarena den informatika "zerbitzariko datu guztiak" Jerez de los Caballerosera (Badajoz, Espainia, Gallardo Taldearen egoitzara) eraman nahian dabiltzala salatu du Azpeitiko lantegiko Enpresa Batzordeak. "Zamudion Corrugados Azpeitiarena den zerbitzari bat dago eta dirudienez hori Badajozen instalatu nahi dute", azaldu dute.

Enpresa Batzordearen aburuz, mugimendu horren ondorioak agerikoak dira. "Sortzen den egoera da, hemendik egiten diren lan guztiak kanpotik eramango dituztela", diote, "langile guztien kaleratzea aurreikusten duen espedientearen negoziazioan" dauden bitartean; hain zuzen ere ostegunean, maiatzaren 23an, Madrilen beste bilera baterako deituta daude langileen ordezkariak, "espediente honen kontsulta epeko azken bilera izango dena, hain zuzen ere. Hori guztia, oraindik negoziaketak 'irekita' daudela suposatzen denean".

Zerbitzaria Badajozera eramanez Gallardo Taldea "enpresa deskapitalizatzen" ari dela salatu du Enpresa Batzordeak, "eta negoziazio fartsa honen beste adibide bat gisa, Azpeitiko lantegiko langile  guztiak kaleratzeko erabakia hartua duela salatu nahi dugu".

Elkarretaratzea Legebiltzarrean

Bihar, asteartea, Gasteizko Legebiltzarraren atarian elkarretaratzea egingo dute Corrugados Azpeitiako langileek. 10:30ean. Espedientearen negoziazio epea amaitzear dagoenean, negoziazio hori Madrilen egin izana salatu eta enpresa bideragarria dela aldarrikatuko dute Gasteizen Azpeitiko lantegiko beharginek. 11:15 aldera berriz, Gasteizen bertan, BBVAren bulegoen aurrean beste elkarretaratze bat ere egingo dutela iragarri dute.