Ekonomia sustatzea eta gizarte zerbitzuak indartzea ardatz, 2013ko udal aurrekontuetan

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko mar. 7a, 13:40
Ehundik gora lagun bertaratu ziren atzo, herri kontseilura.

Atzo, egin zuten aurrekontu parte-hartzaileak osatzeko azken bilera Sanagustin kulturgunean. Aurtengorako udal aurrekontua oraindik "itxi gabe" dagoela azaldu zuen alkateak, baina mahai gainean dutenen proposamenaren arabera 15.964.180 eurokoa da. Hori iazkoarekin alderatuz gero, %2,11 gutxiago da. Aurtengo udal aurrekontuaren proposamenaren irizpide nagusiak, herriko ekonomia sustatu eta gizarte zerbitzuak indartzeaz gain, auzoetako beharrei erantzutea, udaleko baliabideen optimizazioarekin jarraitzea eta bolondres lanean ari diren taldeei diru laguntzak ez murriztea dira.

Aurtengo Denon Artean prozesu parte-hartzailearen herri kontseilua egin zen atzo Sanagustin kulturgunean. Ehun lagunetik gora bildu zen bertan. Prozesuko parte hartzearen balorazioa, aurtengorako udal aurrekontuaren proposamena eta udalak arloz arlo landu asmo dituen egitasmoen berri eman zuten bertan, Leire Etxaniz eta Aritz Epelde zinegotziek eta Eneko Etxeberria alkateak. Udalak azken batzarrerako deialdia egiterakoan aurreratu zuen bezala, udal gobernuko kideak pozik agertu dira herritarren erantzunarekin, parte-hartzearekin eta egindako ekarpenekin. Eneko Etxeberria alkateak "inteligentziaz eta gure indarrak biderkatuta gobernatu behar dugu, eta horretarako gardentasuna da helburua; dirua eta erabakiak agerian uztea, alegia", adierazi zuen.

Aurtengorako udal aurrekontua oraindik "itxi gabe" dagoela azaldu zuen alkateak, baina mahai gainean dutenen proposamenaren arabera 15.964.180 eurokoa da. Hori iazkoarekin alderatuz gero, %2,11 gutxiago da. "Orain bi urte 19 milioi euroko aurrekontua zuen udalak, baina tamalez sarrerak jaisten joan dira urtez urte", azaldu zuen alkateak. Iaz udalaren "optimizazioan" neurri batzuk hartu zituztela gaineratu zuen. Udalak zorra baduela, baina 2007an zuen zorra aurten erdira jaistea lortuko dela esan dute. Horrez gain, 2009ko fondo forala dela eta Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zuen zorra ordaintzea bukatuko dute, aurten 600.000 euro ordainduta. "Ondorioz, udalaren kontuak saneatuta daudela esan dezakegu", azaldu zuen.

2013ko udal aurrekontu proposamenean indartuta edota igoera nabarmenena jaso duten arloak Ekonomia (536.654 euro aurreikusten dituzte eta %467,14ko igoera izango du iazkoarekin alderatuta), Gizarte Zerbitzuak (1.123.120 euro; %21,36 gora), Hezkuntza (440.364 euro; %12,73 gora) eta Gazteria (351.500 euro; %9,33 gora) dira. Igoera proposatzen duten hurrengo arloak dira: Gazteria (351.500 euro; %9,33 gora); Ingurumena (177.100 euro; %2,67 gora) eta Kultura (419.300 euro; %0,55 gora); Euskara iaz bezalaxe proposatzen dute (386.457 euro). Gainontzeko arloetarako diru kopuru gutxiago aurreikustea proposatu dute udaleko arduradunek. Jaitsiera nabarmenena proposatu duten arloak dira: Hirigintza (1.256.700 euro; %24,14ko jaitsiera iazkoarekin alderatuta); Alkatetza (241.000 euro; %21,24 behera); Ogasuna (1.046.532 euro; %19,33 behera); Baserriak (285.000 euro; %11,52 behera); Parekidetasuna (96.500 euro; %10,23 behera); Zerbitzu Orokorrak (3.094.050 euro; %8,27 behera); Festak (498.000 euro; %8,01 behera); Kirolak (740.716 euro; %7,19 behera); eta, Langileria (5.260.986 euro; %3,14 behera).

Irizpide nagusiak

Aurtengo udal aurrekontuaren proposamenaren irizpide nagusiak, Azpeitiko sustapen ekonomikorako plana egitea, gizarte zerbitzuak indartzea, auzoetako beharrei erantzutea eta bereziki Alde Zaharrean eragitea, udaleko baliabideen optimizazioarekin jarraitzea eta bolondres lanean ari diren taldeei diru laguntzak ez murriztea dira. "Irizpide nagusi bezala, herriko ekonomia eta lanpostuak jarri dugu. Azpeitia egoera ekonomiko oso-oso txarrean dago, plan berezi bat behar du eta Udalak badu horretan zer egina", azaldu zuen atzo alkateak. Herritar asko gaizki pasatzen ari dela egoera ekonomikoagatik eta horregatik gizarte zerbitzuetan eragitea eta indartzea erabaki dute. Nahiz eta udalean sarrerak murriztuta egon, "gauza txikiak egiten" segitu beharra dagoela nabarmendu zuten udaleko arduradunek.

Hemen arloz arlo Udal gobernuak proposatu duena:

Ekonomian

Aurtengorako proposatutako egitasmoen artean, udal arduradunen erronka handiena "lanpostu duinak sortzeko apustua egitea" izango da alkateak azaldu zuenez. "Tresna magikorik ez daukagu, daudenak asmatuta daude. Baina, gure apustua ekonomia sozialagoa egitea izango da". Industrian, merkataritzan, turismoan eta nekazaritzan eragiteko asmoa dute, arlo ekonomiko hoiek suspertzeko lan eginez.

Herriko eta bailarako beste eragile eta erakundeekin batera horretan lan egingo dutela azaldu zuen alkateak. Urola Erdiko Enplegu Planaren baitan egin duten diagnostikoak "emaitza oso gordinak eta txarrak" azaldu zituela gogorarazi zuen. Hezkuntza eta heziketa alorrean jarduteko udalak eskumenik ez daukala, baina ekintzailetasuna bultzatzeko ahal duena egiteko prest dagoela azpimarratu zuen alkateak. Horretarako, epe motzean Udalak berak neurri batzuk hartu nahi ditu: enpresa berriak sortzen dituztenei tasetan hobariak emanez; kooperatibak edota enpresak sortzeko laguntzak emanez; azpeitiar langabetuak kontratatzeko laguntzak emanez; formazioaren aldeko apustua eginez; edota, enpresa haztegietarako udalaren esku dauden lokalak eskainiz.

Epe luzerako herriko Plan Estrategikoa ere egin nahi dute udaleko arduradunek, eta Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa lantzen hasi nahi dute; aurreneko deia martxoaren 14rako egin dute, 19:00etan, udaletxeko aretoan. "Herriko egoera hain gogorra izanda, epe luzerako ipar bat eduki behar dugu, ahalik eta adostasun handienarekin onartutako iparra", adierazi zuen alkateak.

Gizarte Zerbitzuetan

Udaletxeko gizarte zerbitzuetara gero eta herritar gehiago doa laguntza eske, horregatik herrian gizarte arloan lanean ari diren hainbat eragilek mahai soziala sortzeko proposamena egin dute Denon Artean prozesuaren baitan egindako arloz arlokako bileren baitan. Iazko azken hiruhilekoan gizarte zerbitzuetan laguntza eskaera %87 igo zela nabarmendu zuen atzo Leire Etxaniz zinegotziak. "Gainera, azken hilabeteotan laguntza eskaera nabarmen hazten ari da". Hala ere, herritarrei udalera laguntza eske jotzea kostatu egiten zaiela adierazi zuen Etxanizek, "horregatik, jendea udaletxera laguntza eskatzera nola bultzatu aztertzea proposatu dugu". 

Etxe kaleratzeen aurrean, desjabetza protokolo bat egitea ere proposatu dute. Horrez gain, udal diru laguntzak handitu eta ikasleentzako beka sistema bat jartzeko asmoa dute. Etorkinen integraziorako urratsak ere eman nahi dituzte eta baita langabetuentzako baratzak jartzea ere udal lurretan. Komunikazioa eta eskuhartze psikosoziala ere indartu nahi dute: "Lehen zortzi familia ziren laguntza psikosoziala jasotzen zutenak, eta orain, berriz, ia 50", azaldu zuen Etxanizek.

Ingurumenean

Helburua sortutako hondakinen %70 birziklatzea dela azaldu zuen Leire Etxaniz Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakari eta Udal zinegotziak. Horretarako, bilketa sistema berri bat adostu beharko dela esan zuen, "oraingo sistemak porrot egin du, eta herritarren eta oposizioaren parte-hartzearekin zer sistema jarri erabaki beharko dugu". Lantegi eta merkataritzari dagokionean, berriz, zuzeneko bilketa egitea proposatzen dute.

Horrez gain, hondakin organikoak ikastetxeetan bertan kudeatzeko plana abian jartzea aztertzen ari dira, eta ikastetxeek proposamena onartu dutela azaldu zuen. Auzokonposta sustatzen jarraitzeko asmoa ere badute, eta Urrestillan jarri duten moduan, Azpeitian aurki jarriko dutela esan zuen Etxanizek. 

Hirigintzan

"Legegintzaldiaren hasieratik Plan Orokorraren aritu gara buru-belarri", azaldu zuen Aritz Epelde zinegotziak. Urteetako arazoari konponbidea eman eta etorkizunerako oinarri berria jarri nahi izan dutela azaldu, eta "ahalik eta onarpen zabaletan bilatzen saiatu" direla gaineratu zuen. Lehengo astean eman zioten behin-behineko onarpena Plan Orokorrari, eta orain istituzioei dagokie azken onarpena ematea. Epeldek esan zuenez, "uda aurretik Plan Orokorra indarrean egotea espero dugu".

Bestalde, herritarren eskaera eta mantenu lanei garrantzia berezia emango diotela azaldu zuten. Herrigunetik kanpoko auzoetako (Urrestilla, Aratzerreka, Lasao eta Matxinbenta) lanetara 215.000 euro bideratuko dituzte. Aldiz, herriguneko kale eta auzuneetara 275.000 euro.

Alde Zaharra biziberritzen

Alde Zaharreko mahaiari indarra emantea proposatu dute. Mahai horretako kideekin hainbat bilera egin ditu Udalak, eta merkataritza sustatzea eta Alde Zaharra oinezkotzea dira ildo nagusienak.

Hezkuntzan

Hezkuntza egitasmoak ikastetxeekin elkarlanean gauzatzea proposatzen zuten atzoko Denon Artean prozesuko azken batzarrean. Besteak beste, herriko historia biltzeko eta herriko ikastetxeetan ikasleei zabaltzeko hasitako lanarekin jarraitzea aurreikusten dute. Bestalde, hezkuntza zerbitzuen gida, software librea eta belaunaldien arteko harremana sustatzea dute 2013rako helburu nagusia. Baita, 0 eta 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat beka sistema abiaraztea ere.

Beste arloetan

Kulturan programazio bateratua egitea proposatzen du Udal gobernuak, "bakoitza bere erara ibili ez dadin kultura agenda-eta egiterakoan". 

Gazteriari dagokionean, gazte lokalak arautzea aurreikusten dute, beti ere "kontzientziaz eta gazteekin hitz eginaz".

Festetan diru gutxiagorekin bada ere, parte hartzea handitzea lortzea dute helburu. Aurten ere "diru gutxiagorekin antolatu" dituzte herriko festak, eta ez dela nabaritu azaldu dute.

Parekidetasun arloan, berdintasun plana garatzen, indarkeria martxistaren arreta protokoloa egiten eta emakumeen txokoa indartzen eta bultzatzen jarraitzeko asmoa agertu dute.

Kirol mahaian elkarlana sustatzea proposatu du udal gobernuak 2013rako. Elkarteei laguntzan mantentzea, eta azpiegiturak hobetzen saiatuko direla azaldu dute.

Nazio eraikuntzan lanean ari diren taldeei-eta, laguntzak ematen jarraitzea proposatzen dute.