Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari behin-behineko onarpena eman dio Udalak

Uztarria.eus | Udala
2013ko ots. 28a, 09:00

Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta Hamaikabaten kontrakoarekin hartu dute erabakia. 2012ko uztailean eman zitzaion hasierako onarpenarekiko aldaketak baditu dokumentuak: Perdillegiko perretxikoaren gunean etxebizitzak eta lur-azpiko aparkalekua aurreikusten ditu, besteak beste. Eusko Jaurlaritzara igorriko dute txostena eta handik erantzuna jasotakoan eramango dute berriro udalbatzarrera, behin betiko onartzeko.

Azpeitiko Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriak beste urrats bat egin zuen aurrera herenegun, asteartea. Ez-ohiko bilkuran, Udalbatzak behin-behineko onarpena eman zion, Bilduren eta EAJren aldeko botoekin; Hamaikabateko zinegotziak kontra bozkatu zuen.

Iazko uztailean hasierako onarpena eman zion Udalak planari. Orduan, alegazioak aurkezteko epea ireki zen. Alegazioak eskutan, horiek aztertu eta batzuk hasierako dokumentuan txertatu ere egin dituzte, plana osatuz. Behin-behinean onartu den edukia Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Etxebizitza sailetara bidaliko dute orain, han EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak azter dezan. Jaurlaritzaren erantzuna esku artean izandakoan eramango dute berriro plana udalbatzarrera, behin betiko onarpena emateko. Udalak hartutako erabakia Gipuzkoako Foru Aldundira igortzea litzateke hurrengo pausoa; Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratutakoan egongo da indarrean Azpeitiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra. Datorren udan izan daiteke hori.

Urte asko eta mila gorabehera

Bide luze eta korapilatsua egin du azken txanpara iristear den hirigintza plan orokorrak. Bilduko Manuel Unanue zinegotziak gogora ekarri zuenez, Udalean orain dela hamar urte hasi ziren Plan Orokorra gauzatzeko asmoz lanean. Bidean, gainera, oztopo handiak izan dituzte. 2007ko Arau Osagarrien berrazterketa baliogabetuta, Azpeitian une honetan 1992an onartutako hirigintza Plan Orokorra dago indarrean. Horrela, azken hogei urte pasa hauetan hartutako erabakiak eta gauzatutako proiektuak legez kolokan daude.

Ildo horretatik, Plan Orokorraren onarpena Azpeitiarentzat eta Udalarentzat "gai estrategikoa" dela nabarmendu zuen, beste behin, Eneko Etxeberria alkateak; dauden eta egon zitezkeen ziurgabetasun juridikoei konponbidea emango dielako, besteak beste. Udaleko talde, alderdi politiko eta eragileen jarrera eta kontsentsuaren bila agertutako "konpromisoa" zoriondu zituen alkateak: "Bilera asko izan dira eta, hemen esan ohi dugunez, natual hitz egiteko gaitasuna erakutsi dugula uste dut. Iritziak, denenak, pisuzkoak izan dira, herriaren hobebeharrez emandakoak".

Aitor Gorrotxategi EAJren bozeramaileak ere antzeko zentzuan hitz egin zuen. Planari "bueltak ematen denbora asko" eman dutela esan zuen, "egoera zailean", aipatutako Arau Osagarrien baliogabetzea medio. Herriko hirigintza antolamenduaren gainean "tentsio handiko batzorde eta plenoak izan" dituztela ere ez zuen ahaztu, eta Plan Orokor berria onartzearekin "orri bat pasatu eta Azpeitia hobe baten alde" aritzearen desioa plazaratu zuen. Era berean, aurreko agintaldiko udal ordezkariek egindako lana "aitortzea" eskatu zuen, "orain onartzera goazena neurri handi batean haiek egindako lanaren jarraipena" delakoan.

Hamaikabateko Aitor Aranguren, aldiz, kexu azaldu zen. Prozesuan parte hartu duten guztien lana eta egindako ahalegina aitortu arren, Hamaikabatek hasieran onartutako testuari aurkeztutako "alegazio guztiei ezetz" esan zaiela eta, horrela, planari "baietza ematea zaila" egiten zitzaiola esan zuen, bozketan kontra egin aurretik. Eneko Etxeberriak "denek jarrerak gerturatzeko egindako esfortzua" gogorarazi zion Arangureni, alegazioak Hamaikabatek hauteskunde kanpainan egindako proposamenak errepikatzen zituztela esan zion eta herritarrek proposamen horiek ez zituztela babestu nabarmendu zuen.

Aldaketak eta irizpideak

Behin-behinean onartu den Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak baditu hasierako onarpenarekiko aldaketak. Nabarmenena Perdillegiko perretxiko edo oktogono esaten zaion eraikinaren eremuari lotutakoa da. Izan ere, Plan Orokorrak eremu horretan 110 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du orain, baita lur-azpiko aparkalekua ere; aurkeztu den alegazio bati erantzunez onartu dute aldaketa. Horko lurren jabetza Udalarena da, eta horko etxebizitza guztiak babestutakoak -tasatuak eta BOEak- izango lirateke. Bestetik, Izarraizpe eremua -Ikasberri eta Azkune inguruan- ekipamenduetarako gordetzea erabaki dute, ez etxebizitzak eraikitzeko

Datozen zortzi-hamar urterako hirigintza plangintza da Udala onartu bidean dena. Eraikuntzarako dagoeneko sailkatuta dauden lurrei etekina ateratzea eta helburu horrekin lur gehiago ez sailkatzea, eta herriaren hazkunde urbanistikoa ahal den neurrian barrurantz bideratzea dira planaren oinarrian dauden ildo estrategikoak.

1.300 etxebizitza eraikitzeko aukera aurreikusten dute planean, Eusko Jaurlaritzak Azpeitia gisako udalerrientzat ezarritako kopuruen barruan; hasierako onarpenean baino gehiago dira, perretxikokoak gehitu direlako. Aurreko agintaldian etxebizitza hazkunde nagusia Corrugados Azpeitia enpresaren eremuan kokatzen bazen, epe motz-ertainean egingarriak ez direla izango eta Esklabak-Iturzulo eremuari eman zaio lehentasuna. Hor etxeak Esklaben atzekaldean eraikitzea aurreikusten da, ez Loiolako etorbidearen ertzean. Bestetik, baztertu egin da hazkunde urbanistikoa Loiolaraino edota Oiartzabal aldera hedatzearen aukera.

Etxebizitza kopuru jakin bat aurreikusteak ez du esan nahi gero denak eraikiko direnik. Horrela azaldu zuen Xanti Peñalba arkitektoak, planaren erredaktoreak: "Azken finean, planak programa bat planteatzen du, baina gero exekutatu egin behar da eta arazoak sortzen dira. Adibidez, Corrugadosen seguru asko ez da etxerik izango hurrengo zortzi urtean; beraz, hortik 400dik gora etxebizitza kendu ditugu. Beste eremu batzuetan ere hala gertatu daiteke. Beraz, kopuru handiagoa aurreikusi behar da, gero benetako beharrak bete ahal izateko". Prezioak nolabait kontrolpean edukitzeko bidea ere bada etxebizitza kopuru nahiko bat planteatzearen arrazoia, Peñalbaren esanetan: "Oso gutxi jartzen badira, lur-jabeen esku gelditzen da Udala".

Etxebizitza sozialen aldeko apustua da Udalak kontuan hartu duen beste irizpideetako bat. Horrela, aurreikusitako etxebizitzen "erdia baino gehiago" babestutakoak dira.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu