Alde Zaharreko Mahaia osatu eta aurreneko bilera egin dute

Uztarria.eus 2012ko aza. 30a, 18:42
Alde Zaharreko Mahaian elkartu diren kideetako batzuk, Baigerako aretoan egindako bileran. (AZPEITIKO UDALA)

Hainbat eragilek, bizilagunek eta Udalak osatu dute taldea. "Alde Zahar biziagoa lortzea" dute helburu, elkarlanaren bidetik. Lehentasunak finkatu eta 2013rako landu beharreko hainbat kontu dituzte esku artean.

Azpeitiko Alde Zaharrak badu Mahaia. Herriko erdigune historikoaren biziberritzea lantzeko, Udalak hainbat bilera egin ditu 2012an zehar Alde Zaharrarekin zerikusia duten eragile eta norbanakoekin. Prozesu horri jarraituz edota bere baitan eratu dute, azkenean, Alde Zaharreko Mahaia.

Bizilagunak, merkatariak, tabernariak, Kultur Mahaia, Emakumeen Txokoa, Gazteria, baserritarrak eta Baigera elkartea dira aipatutako bileretan parte hartu dutenak. Udalak azaldu duenez, bileretan "Alde Zaharra biziberritzean eragileek dituzten premiak eta egungo egoeran dituzten gabeziak jaso dira eta bildutako iritzi eta proposamenek eman dituzte fruituak dagoeneko". Alde Zaharreko lurraren garbiketa, argiztapena eta Soreasuko parkinga dohain erabiltzeko muga bost ordura luzatzea izan dira, hain justu, hartu diren neurriak.

Alde Zaharreko Mahaia osatzea ere neurri horien artean kokatu behar da. Bileretan ibili diren eragileek -bizilagunek sortu berri duten taldea barne dela- eta Udalak osatu dute mahaia eta aurreneko bilera ere egin dute. "Alde Zahar biziagoa lortzea" dute helburu, elkarlanaren bidetik eta "dauden beharrei erantzunez eta arazoei konponbideak emanez".

Lehentasunak finkatu eta 2013rako landu beharreko hainbat kontu dituzte esku artean. Besteak beste, Done Jakue kaleko parkearen eraberritzea, Olazko Amaren plaza oinezkotzea, Alde Zaharreko trafikoa eta azpiegituren aukera desberdinen azterketa egitea dira datorren urtean zehar landu nahi dituzten gaiak.