Fiskalak 59 urteko kartzela zigorra eskatu du Inazio Uriaren ustezko hiltzailearentzat

Uztarria.eus 2012ko api. 12a, 11:44

ABC espainiar egunkariak jakinarazi duenez, Entzutegi Nazionaleko Miguel Angel Carballo fiskalak 59 urteko kartzela zigorra eskatu du Manex Castro Inazio Uria azpeitiar enpresaburuaren ustezko hiltzaileetako batentzat. Hilketa, ETAko kide izatea, auto lapurreta eta legez kanpoko atxiloketa egozten dizkio fiskalak. Castrorekin batera ETAko kide izatea eta Uria hiltzeko autoa uztea leporatuta epaituko dute Iraitz Santa Cruz ere.

ABC espainiar egunkariak jakinarazi duenez, Entzutegi Nazionaleko Miguel Angel Carballo fiskalak 59 urteko kartzela zigorra eskatu du Manex Castro Inazio Uria azpeitiar enpresaburuaren ustezko hiltzaileetako batentzat. Hilketa, ETAko kide izatea, auto lapurreta eta legez kanpoko atxiloketa egozten dizkio fiskalak. Castrorekin batera ETAko kide izatea eta Uria hiltzeko autoa uztea leporatuta epaituko dute Iraitz Santa Cruz ere. Fiskalak hamar urteko kartzela zigorra eskatzen du Santa Cruzentzat.

Dena dela, ez da Castro ustez Uriaren hilketarekin lotura duen bakarra. Izan ere, 2010eko otsailaren 28an Beñat Aginagalde atxilotu zuen Frantziako Poliziak Uria hil izana leporatuta.

Kartzela zigorraz gain, Uriaren alargunarentzat 160.000 euroko kalte ordaina eskatzen du fiskalak, eta 240.000 euro Uriaren seme-alabentzat. Aldiz, autoa erre zioten mutilarentzat 15.000 euroko kalte ordaina eskatu du Entzutegi Nazionaleko fiskalak.

2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk Uria, Loiolan, tiroz. Altuna y Uria Azpeitiko enpresako arduradunetakoa zen hura eta 71 urte zeuzkan.