"Statkraftek salbuespenezko legeadiaren lasterbidea hartzea eskatu du, Piaspe egin ahal izateko"

Nerea Uranga 2023ko uzt. 22a, 09:00

SaƱu Bizirik taldeak atzo Soreasuko plazatxoan egindako agerraldia. (Nerea Uranga)

Sañu Bizirikek egindako agerraldian salatu du Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan Piaspe zentral eolikoa egin ahal izateko, ingurumen ebaluazioaren prozedura arrunta saihesteko mekanismo administratiboak martxan jarri dituela Norvegiako enpresak.

Sañu Bizirik taldeak agerraldia egin zuen atzo Azpeitiko Soreasuko plazatxoan, Norvegiako Statkraft enpresak Piaspe zentral eolikoaren proiektua azkartzeko egin dituen azken prozedurak salatzeko. Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalerrien lurretan egin asmo du Statkraftek Piaspe parke eolikoa.

Mendietan zentral eolikoak eraikitzearen kontrako taldeak salatu duenez, jakin berri dute Statkraftek salbuespenezko legediaren lasterbidea hartzea eskatu duela. "Piaspe zentral eolikoaren ingurumen ebaluazioaren prozedura arrunta saihesteko mekanismo administratiboak martxan jarri ditu Norvegiako enpresak, 6/2022 Errege dekretuari helduz. Dekretu horrek, Ukrainako gerra aitzakitzat hartuta, eskala handiko energia berriztagarrien proiektuen prozedura administratiboak arintzeko neurriak biltzen ditu, proiektua ingurumen ebaluaziotik salbuestea arautuz", adierazi zuten atzo Sañu Bizirikekoek. 6/2022 Errege dekretua iazko martxoan onartu zutela adierazi zuten atzoko agerraldian Sañu Bizirikekoek; "besteen artean, EH Bilduren eta EAJren baiezko botoekin onartu zuten".

Sañu Bizirikekoen esanetan, 6/2022 Errege dekretuak eskala handiko energia berriztagarrien zentralen proiektuen prozedura administratiboak "arintzeko" neurriak biltzen ditu, proiektuak "ingurumen ebaluaziotik salbuestea" arautuz.

"Parte hartzeko espaziorik ez"

Norvegiako Startkraft enpresak Piaspe proiektuan aurrez aipatutako dekretu hori aplikatzeko egindako eskaeraren ondorioz, "ez da izango informazio publikorako eta herritarren parte hartzerako espaziorik", Sañu Bizirikek atzoko agerraldian salatu zuenez. "Halaber, administrazioak enpresak berak egindako ingurumen inpaktuaren azterketa txostena soilik izango luke proiektuaren eragina ebaluatzeko orduan".

Piaspe proiektuaren kontra dagoen taldearen arabera, Statkraft enpresak egindako eskaerak ez ditu 6/2022 Errege dekretuak berak ezarritako baldintzak betetzen: "Izan ere, megaproiektuen tramitazioan, ingurumenaren babeserako ezarri beharreko kontrol neurriak desagertzen dira". 

Piaspe proiektua sustatzen ari den enpresak eman duen pausoa "benetan arriskutsua" da Sañu Bizirik taldearen ustez, "egirada eta esku hartze herritarra" desagertzen direlako: "Alegia, herritarrok prozedura administratiboetan parte hartzeko dugun eskubidea baliogabetzen du, eta hain zuzen, hori da Statkraft multinazionalak lortu nahi duena. Era horretan, oinarrizko printzipio demokratikoak urratzen ditu energiaren sozializazioa eta demokratizazioa ekartzera zetorkigun enpresak".

"Udalen baldintzak ez ditu bete"

Egoera "kezkagarria eta eskandalagarria" da Sañurako proiektuan sabuespenezko tramitazio bide hori onartzeak ezarriko luken aurrekaria, Sañu Bizirik taldearen ustez: "Neurri berean, kezkagarria da zer-nolako baldintzatan ari den planteatzen energia trantsizioa eta berriztagarrien hedapena Euskal Autonomia Erkidegoan. Zer-nolako erraztasunak ari zaizkien eskaintzen enpresa pribatuei beren negozioak egin ditzaten; lurralde-plangintzetatik hasita. Zer-nolako jarrera ari diren izaten guzti honen aurrean alderdi politiko guztiak –EH Bildu eta EAJ barne–. Eta zer-nolako gutxiespena ari diren pairatzen herri honetan natura ondarea, landa eremua, eta bizi dugun krisi ekosozialaren aurrean, lurraldearekiko eta jendearekiko aterabide posible justuagoak eta arduratsuagoak aldarrikatzen ari diren gizarte mugimenduak eta norbanakoak".

Sañu Biziriken arabera, "toki ederrean" gelditu dira Azpeitiko Udalak iazko urrian Soreasu antzokiko agerraldian "egindako adierazpenak eta promesak": "Erabateko transparentzia, ingurumenarekiko eta balizko inpaktuekiko zorroztasuna, herriaren parte hartzearekiko eta desadostasunekiko errespetua –are eta proiektua erretiratzerainoakoa!–". Sañu Bizirikek atzo aldarrikatu zuenez, Azpeitiko Udalari iritsi zaio garaia "proiektua aztertzen" ari dela "errepikatzetik haratago" zerbait esateko, eta taldeak "argi" ikusten du ordua dela PIaspe zentral eolikoaren proiektua "bertan behera uzteko": "Azken hilabeteotan guk emandako arrazoi andanaz gain, orain, Norvegiako enpresaren jokabidea ikusita, begibistakoa da Azpeitiko Udalak Sañurako proiektua aztertzeko Soreasun jarritako baldintzak ere ez direla betetzen".

Statkraft enpresak Sañurako duen eolikoen proiektuaren "kontrako jarrera irmoa"  hartzeko eskatu die Sañu Bizirik taldeak Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalei: "Udal horiek jarritako baldintzak ere ez dituelako betetzen".

Protestak herriko festetan

Sañun eraiki nahi duten proiektu eolikoaren eta mendietan zentral eolikoak eraikitzearen kontra Sañu Bizirikek santioetan eta saninazioetan ekintzak iragarri ditu. Uztailaren 25ean, Santio egunean, informazio puntua jarriko dute goizez.

San Inazio Bigarrenez, abuztuaren 1ean, berriz, 10:30ean elkarretaratzea egingo dute, Loiolako basilikaren aurrean.