Arrautza egosiak jaten txapeldun Aratzerrekan

2004ko arrautza egosi jan lehiaketaren irabazlea, saria jasotzen. (Nerea Uranga)

Duela hamarkada batzuk San Isidro jaietako ikur bihurtu zen igande goizaldeko parrandaren barruan egiten zuten lehiaketa zelebrea.

Maiatzarekin batera, aurten ere ospakizunerako eta festarako tartea hartuko dute Aratzerrekan. Hango taberna bakarrak ateak itxi zituen arren, ez dira sanisidroak ospatu gabe geldituko.

San Isidro jaietako egitarauak loditu, melartu edota aldatu egin dira urteen joanarekin. Badira bere garaian oso ezagun izan ziren eta dagoeneko desagertuta dauden festa hitzorduak ere, eta horietako bat da arrautza egosi jan lehiaketa. Sanisidroetako asteburuan, zapatutik iganderako ordu txikietan, urte luzez egin zuten lehiaketa zelebrea Aratzerrekako tabernan: urarekin lagunduta, ahalik eta egositako arrautza gehien jatea, edota jakineko arrautza kopuru bat zeinek azkarrago jan, horiek izaten zituzten erronkak lehiakideek. Eta irabazlearentzat sarien artean, dozena arrautza bai, behintzat.

Argazkiok duela hogei urteko sanisidroetakoak dira. Goikoan, urte hartako arrautza egosei jan lehiaketaren irabazlea ikus daiteke, saria jasotzen; eta behekoan, parte hartzaileetako batzuk, lehia betean.