Urrestillako Gabon eskea

1976ko Urrestillako Gabon eskeko protagonistak, elizako eskaileretan. (Utzitakoa)

Aurten ere talde jendetsua ibiliko da kantuan eta eskean Urrestillan Gabon egunez, 1970eko hamarkadatik datorren ohitura berrituz.

Aurretik talde txikietan eta sakabanatuta berritzen zen Gabon eskearen ohitura ekitaldi jendetsu eta herri usadio bilakatu zen Urrestillan 1970eko hamarkadaren hasieran. Bertako ikastola diruz laguntzeko, Gabonetako euskal ohiturak berreskuratzeko –Urola bailaran Olentzero Urrestillara ekarri zuten lehendabizi–... haur, gazte eta heldu, bi taldetan banatuta, goiz eta arratsaldez, Nuarbetik zein Landetatik Urrestillarainoko bidea eginez, gaur arte iraun duen ohitura saihestezina bihurtu da Gabon eskea Urrestillan. Usadioaren jatorria eta bilakaera azaldu zituzten Karmen Arozenak eta Amaia Aranagak 2022ko Guka Magazineko bideo honetan.

Abenduko Zaharrak Berri atala osatzen duten hiru argazkiak usadioaren indarraren erakusle dira. Goiko argazkian eta azpiko lehendabizikoan, 1976. urteko abenduaren 24an eskean ibili ziren herritarrak ikus daitezke, elizako eskaileretan. Azpiko bigarren argazkiak, berriz, ez du datarik, baina 1980ko hamarkadaren hasierakoa da; Txabarrengo zubian atera zuten argazkia urte hartan umeen taldean irten zirenek, atzean Izarraitz elurtuta zutela.

(Argazkiak: Karmen Arozenak utzitakoak)