Argazki zaharren atala estreinatu du Uztarriak

1953ko urriaren 14an Urola ibaiak gainezka egin zuen. Irudian, Azpeitiko plaza. (Ramon Etxeberria)

Urria iristearekin batera, Zaharrak Berri izeneko atala jarri du martxan hedabide honek, eta hala, hilero Azpeitiko argazki zahar bana argitaratuko du. Gainera, Uztarriak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki esanguratsu horiek atal honetan partekatzera.

Atzean gelditu da beste uda bat, eta ikasturte berria hastearekin batera eta udazkena iristearekin batera, atal berria estreinatzera dator Uztarria: Zaharrak Berri argazki zaharren atala.

Hilero, hileko lehen igandean, iraganari begira jarri, eta Azpeitiko aspaldiko argazki bat aukeratu eta partekatuko du atari honetako erabiltzaileekin.

Hain zuzen, atal honetako aurreneko argazkiak 70 urte beteko ditu urriaren 14an. 1953ko egun hartan Urola ibaiak gainezka egin, eta uholde larriak eragin zituen eskualdean. Azpeitian, argazkikoa bezalako irudiak utzi zituen. Herriko plaza erabat urak hartuta ikusten da Ramon Etxeberriak utzitako argazki zaharrean: garaiko kioskoa, azoka plaza zaharra... eta plazaren behe aldeko etxeetako dendak eta karrerak urak estalita.

Uztarriak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azpeitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Soreasu auzoa zg., Dinamoa sormen gunea–.