350 arrazoi

Erabiltzailearen aurpegia Xanjuandegiko Auzo Elkartea 2010ko ots. 10a, 13:02

Lokala auzoarentzat kanpaina emaitzak ematen hasia da. Sinadura bilketak, berea eman du. Abendutik Urtarril amaierara 350 sinadura bildu dira, 350 arrazoi gehiago lokal bat eskatzeko. Baina aurrera jarraitu beharra dago, lokala erdietsi arte.

Auzoan eta auzotar guztientzat izatea nahi den lokalaren aldeko sinadura bilketa kanpaina, arrakastatsua izan da. Xj auzolaneanetik, balorazio positiboa egin dugu ekimen honen inguruan, zailtasun eta oztopoen gainetik, 350 sinadura biltzea lortu baita. Merkatariek eta Tabernariek emandako atxikimendua ere azpimarratu nahi dugu, auzoko edozein txokotan ikus daiteke lokala auzoarentzat txarteltxoa hauei esker.

Auzoak duen behar bat dela esaten genuen, hau baieztatuta gelditu da auzotarrek eman duten babesarekin eta gai honen inguruan erakutsitako interesarekin. Ez da aitzakia makala izan berriro indarrak hartu eta proiektu honen aldeko lanari bultzada emateko.

Hurrengo urratsa, sinadura hauek Udalean aurkeztea izango da eta hortik aurrera, Udalari dagokio behar honi erantzutea.

Dena den, ekimen berriak antolatzen jarraituko dugu, dinamika honi jarraitasuna emanez. Sanjuandegirako azpiegitura honek duen garrantziaz jabeturik, bidea egiten jarraitu beharra dago.

Auzolanaren bidez, lortuko dugu!


Xanjuandegiko jaiak antolatzeko deialdiaz

Bestalde Sanjuandegiko Festa Batzordeak lehen bilerarako deialdia luzatu du Ostegun Gizenerako. Xj auzolaneanetik, dei egiten dizuegu auzotar guztioi auzoko jaien antolakuntzan parte hartzera. Auzoari sekulako ekarpena egiten die ekimen honek eta horregatik, denoi dagokigu geure aletxoa jartzea. Gainera, giro alaian lan egingo da auzotarren arteko komunikazioa bultzatuz.

Azken urteetan, indarra hartzen ari dira auzoko jaiak eta norabide horri eutsi beharra dago. Baldintzak badaude eta auzoak eskertuko du.