Hurritz

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Borda 2016ko mar. 31a, 14:11

Hurritz, testu hau argitaratzerako amaren sabela utzia izango duzu. Beste alde honetara etorria izango zara. 

Uste dut badakidala nola izango den: begiak zabalduko dituzu eta hortxe agertuko zaizu parez pare lurra edo mundua  deitzen dugun eremua, bere ur korronte eta itsasoekin, laino, ostadar eta tximistez jantzia, eta zu bezalako jendea duena bizileku. Eta negar egingo duzu, gorputz txiki horretan ekarriko duzun indar guztiarekin.

Pentsatzen dut Bastidan bere bikoteak hildako emakumea ikusiko duzula begiak zabaldu orduko; edo amaiera jarri nahi ez zaion sakabanaketa politikaren ondorioak; edo itxi nahi duten TRW tailerreko langileen agonia; edo alderrai dabiltzan familiak gerra guneetatik ihesi; edo bonbak erortzen kazkabar betean Sirian; edo zaborraren kudeaketak petralduriko jendea; edo hango eta hemengo politikariak epaitegietan lapurretengatik...

Gero medikua etorriko zait irri polit bat ezpainetan. Larri ikusiko nau eta lasaitu egingo nau. Orduan azalduko dit arnasbideak garbitzeko egin duzula garrasi, albeoloak zabaldu eta aireak biriketarako bidea errazago bilatzeko. Negarrarekin batera hasi zaizula bularra puzten eta husten. Bizitzaren borrokan, lehen oihua izan dela zure garrasia.

Orduan sentituko naiz ni berriro txiki, eta negarrez hasiko naiz. Borrokaldiaren erdi inguru honetara iritsita, ez dakit medikuak asmatuko lukeen nire negarra azaltzeko zentzuzko arrazoirik, baina nago nireak biriketakoekin baino bihotzeko albeoloekin eta arimako zokoetako gorabeherekin duela zerikusi zuzenagoa. Baina lasai Hurritz, azkenean hemen denborak dena konpontzen du bere aldera.

Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau.