Errematea

Matrikula

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2022ko api. 8a, 08:07

Txetxu Urbietak 2022ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Kontrakoa uste baduzu ere, kirol kazetariok, tarteka, lan pittin bat ematen diogu geure buruari. Beti izaten da askatu beharreko korapiloren bat. Eta askotan, korapiloa askatzen hasi eta mataza askaezin bihurtzen dugu. Arazo dugu aspaldian nor den euskal herritarra eta nor ez bereiztea. Denok mundutar izanik, EUS matrikula jartzen hastean, komeriak. Adibidez, Marokon jaio eta azken urteetan Bilbon bizi den euskal talde bateko kidea euskal herritarra al da? Nik baietz esango nuke. Baina Bilbotik Santanderrera joaten bada bizitzera, galdu egiten al du euskal herritar izaera? Euskal herritartasuna per sekula sekulorum al da? Bilbon gustura bizi arren, marokoarra dela esaten badu, guk zer esan behar dugu?

Kontu oso serioa da. Ni, Urbieta, jaiotzez azpeitiarra naiz; ama errezildarra dudanez, nazioarteko legediari esker, akerra ere banaiz. Aspaldian Zarautzen pasatzen ditut udak; beraz, litekeena da pare bat hilabetez txaparrotarra izatea. Baina demagun bizitzak alboko herrira eramaten nauela. Kolpetik xakela nintzateke, ala xapo-xakel hibridoa? Pentsatze hutsarekin, izerdi hotza.

Legediak legedia, norbera sentitzen den leku horretakoa da. Eta bizitza duina izateko aukera dugun leku horretako mundutarrak gara denok.

P. D.: Azken boladan akerraren odolaren deia sentitzen dut.