Errematea

Onanismoa

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2021ko eka. 30a, 08:19

Txetxu Urbietak 2021eko ekaineko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau

Ni izango naiz San Inazioren ordez Loiolan jarriko duten hurrengo santua. Horretaz ez izan zalantzarik. Zutabe honetara, ordea, buenismoa gainbaloratuta dagoela adieraztera nator. Gizarteak zuzentzat, ontzat, gizatasuntzat, jo duen arrastoa gainbaloratua dago. Arrasto horretatik kanpo bizitza duina egon badagoela adieraztera nator hizki bidez. Nire gustuko izateak ez du esan nahi ona denik; nire ez gustuko izateak ere ez du esan nahi txarra denik. Neurtu ezin diren gauzek balio zehatzik ez dute. Roglic, tropeleko gazte bati etapa irabazten ez uzteagaitik, ez da gaiztoa: Indurain, uzteagatik, ona ez zen bezala –bueno, Miguel beti da jainkoa–. Bizitzako gertaera ezberdinen aurrean hartutako erabakiak edo jarrerak dira. Gure gustukoa izan liteke ala ez, baina bata bestea bezain duina. Errespeta dezagun bestearen gustua, errespeta dezagun bestearen iritzia. Bultza dezagun era guztietako aniztasuna, indartu dezagun ezberdintasuna. Denok aberastuko gaitu, denok indartsuago egingo gaitu. Zein da arazoa? Erosoago sentitzen naizela neure gustuaz ziur egoten baino bestearena egurtzen.

Eta hasi naizenarekin amaitzeko, nik onartzen dut zu nirekin bat ez egotea. Alegia, ez nauzula San Inazioren lekuan ikusten. Posible da. Baina, benetan diotsut, ni neu ikusten naiz. Lekua ez zait gustatzen, ez Loiolakoa, ez Xoxotekoa. Beste leku goxoago eta erosoago batean ikusten dut neure estatua. Eta zuk?