Elkartasuna ez da delitua!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sortu 2013ko mai. 15a, 19:58

Orain urtebete Aritz Arzallus Artza azpeitiarrari urtebeteko kartzela zigorra eta 7 urteko inhabilitazioko zigorra jarri zion Audientzia Nazionalak, Gotzon Aranburu preso politikoaren argazkia zuen pankarta bat jartzeagatik.

Epai hau errekurritu ostean, atzo jakin genuen Auzitegi Gorenak Audientzia Nazionalari arrazoia kendu eta Aritz absolbitu egin zuela kasu honengatik, zorionak beraz!

Ia urtebete luzez zigor hau bere gainean eraman du Aritzek, horrek sortzen duen egonezinarekin, hortaz pozez hartu dugu Gorenaren epai hau, ez baitira askotan etortzen epaitegi horietatik horrelako erabakiak.

Duela urte batzuk hasi ziren Euskal Preso Politikoen argazkien erabileraren aurkako kriminalizazioarekin, beraienganako elkartasuna mugatu nahirik. Hala ere, zigor batzuk egon badira ere tarteko, inoiz ez da eten beraienganako elkartasuna, eta ez du etenik izango.

Espero dugu Gorenaren epai hau aurrekari bat izatea eta argazkien erabileraren aurkako jokabide hau baztertzea epaitegi horien aldetik! Nahiz zalantza eta kezkak sortzen dizkigun hau horrela izango denik.

Gauzak horrela, argazkiak gorabehera, jarrai dezagun Euskal Preso Politikoen eskubideen alde gure lana biderkatzen eta elkartasuna adierazten, parada ona dugu larunbata honetan Azpeitian burutuko den Elkartasun Egunean parte hartuz.

Ezin amaitu idatzi hau, gaur goizean Ondarruko Aske Gunean, Ertzaintzak, Urtza Alkortaren aurka buruturiko atxiloketa salatu gabe. Gure elkartasun beroena Urtzari eta bere senide eta lagunei. Beste Euskal Preso Politiko bat dugu jada, nahikoa da! Egoera guzti horiekin amaitzeko garaia da, konponbidearen bidean urratsak ematen hasteko garaia! Bide honetan, jarraitu dezagun herri harresia eraikitzen!