Aritz Arzallus absolbitu du Auzitegi Gorenak

Berria.info, Uztarria.com 2013ko mai. 13a, 15:46

2011ko urteko saninazioetan presoen eskubideen aldeko pankarta bat jartzeagatik epaitu zuten Arzallus, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri zizkion azpeitiarrari. Gaur, astelehena, Auzitegi Gorenak ebatzi du Aritz Arzallusen asmoa ez zela "terrorismoa goratzea", baizik eta "zilegi den modu batean" euskal presoak Euskal Herriratzeko eskaria adieraztea.

Auzitegi Gorenak absolbitu egin du Aritz Arzallus azpeitiarra, eta ebatzi du euskal presoen argazkiak jarrita ez zuela "terrorismoa goratu". 2011ko urteko saninazioetan presoen eskubideen aldeko pankarta bat jartzeagatik epaitu zuten Arzallus. Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa jarri zion, protestan Herrira zioen pankarta erakutsi zuelako, Alacanteko Villena espetxeko Gotzon Aranburu azpeitiar presoaren argazkia ondoan zuela. Ekintza horrekin, ordea, deliturik ez zuela egin uste du Auzitegi Gorenak, eta gaineratu du "zilegi den eskari bat" plazaratzeko asmoa baino ez zuela izan.

Fiskalak eskatu zuen urtebeteko espetxe zigorra bere horretan uzteko, eta defentsa abokatuak, berriz, argudiatu zuen Arzallusek ez zuela ETA goratzeko asmorik izan. "Ez zuen zentzu horretan inolako lelorik azaldu, soilik euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatu zuen".

Auzitegiak frogatutzat jo du, beraz, Arzallusek Aranbururen argazkia jarri zuela, baina ez du uste "ETAko kideak goratzea" izan zenik bere asmoa, ezta "biktimak iraintzea" ere. Auzitegi Gorenaren arabera, presoak "euren etxeetatik gertu dauden espetxeetara eramateko nahia" adierazten du Arzallusen ekintzak.