Herritarrok 0 – ab(h)erriek 2, edo auskalo!, asko

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2008ko aza. 24a, 20:11

Blogari gai lokalagoekin ekin aurretik. Aldaketa16 aldizkariak eskatu eta aste honetako alerako idatzitako artikulua da hau

 

Herritarrok 0 – ab(h)erriek 2, edo auskalo!, asko

 

            Inoiz jokatu behar ez zen partidaren emaitza da lerro hauen goiburua, baina ezkutuko norbaitek, ustezko ezkutuko nabarmenak, jokatzea erabaki duena eta, ez joko ez arau, guztioi galdu arazi diguna. Ez dira horregatik gure jokalariak euskaldunago izango, ez eta pobreago ere, seguruena. Galdu ditugu lotsa guztiak!

            Ez nuen asko irudikatuko neure burua futbolari buruz, edo futbola aitzakia, idazten. Baina lortu dute. Hogeitabatgarren mende hasierako jauntxo eta señorito berri galtzamotxek inbaditu dute nire barrena modurik antidemokratikoenean. Antidemokratiko esaterakoan kasu honetan herritarrekiko begirunegabeziaz eta honen eskubideen kontra esan nahi da.

            Joan den mendeko azken laurdenean euskal herritarron artean halako indarra hartu duen onkeria zuri nardagarriz janzten denak esan dezake, egoki eta zuzen itxura batera, beraiena dela kontua eta beraiek erabaki beharko luketela. Noski baietz, beraiek, futbolariek, erabaki dezakete zer egin, jokatu ala ez, baina ez inoiz selekzioaren izena. Izen hori guztiona da eta guztiok erabaki behar dugu, errugbilariek, padeljokalariek, pilotariek, ziklistek... eta..., panderojole, adarjole, bestelako eta herritar guztiok. Beraz egin dezatela nahi dutena, baina izena guztiona da.

            Nik ez dakit zer autoritate edo zilegitasun ikusten dieten beren buruei aginte politiko, akademiko, eta zera guztien gainetik beraiek beren kabuz (je, je...! haizatzeko proposamen-baldintza-inposizio hori. Agian geuk dugu errua, bai seguruena, eraiki dugun mundu honetan gizarte prestigioa hankak baloiarekin jotzeari ematen diogulako, edo geure herriaren ordezkaritza kirolari aberats batzuen eskuetan jartzen dugulako, edo kirol profesionalari balio humano, etiko, politiko eta gainerantzekoak ematen dizkiogulako. Gero hori pasatzen da, sinestu egiten dutela eta hara!

            Dena den, ez guretzat baina, bitxia da kontua. Bitxia besteengandik zertaraino berezi behar dugun eta besteentzat erraza dena inorenganatzen dugun eta zaila dena geureganatzen. Gureak erremediorik gabea, ez beste inorena, behar du, bestela ez da gurea.

            Ezin dut ahaztu nola Franco hil artean Euskal Herria hitza erabiltzen genuen, hain esanahi politiko gutxirekin entzule maliziagabearentzat, non “gora Euskal Herria!” (“viva” gehiagotan) esatea ez zen Viva España! Esatea baino kondenagarriagoa erregimenarentzat, inokuitate guztia zeukan. Auzia orduan ere geure artekoa zen, hatxearekin ala hatxerik gabe zen kontua. Baina irakurri eta idatzi euskaraz ia inork nola ez zuen egiten eta ez telebistarik eta ez irrati eta komunikabiderik geneukanez euskaraz liskarra lau temosoren artekoa zen. Hatxez behar zuela esaten genuen kanon-zaleok baina souvenir dendetako irudietan gabe saltzen zitzaigun (tradizioari eutsiz) eta errearen gainean tildearekin.

            Diktadorea hil eta geroxeagora gauzak lasaitzen hasi zirenean eta gauzak askatasun gehiagorekin aukerak zeuden heinean, ahalegin gorriak egin genituen Euskal Herria hitza eta orduan hain ugaria zen vasconavarra kontzeptua gure hiztegietatik baztertzeko. Euskadi behar genuen, Euskadi zen, historia zipitzik ez genuenontzat ere, abertzaletasunean berri berriak ginenontzat ere, beharrezko izena, Euskadi zen gure karga politiko guztiak bere bizkar eramateko gai zen hitz bakarra. Eta kostata baina lortu zuen arrakasta,  gaurdaino iritsi da gure ezpainetan, aspertu gaituen arte.

            Esan beharra dago Euskadi nagusitu bada ere erabileran Euzkadi erabiltzen duenik ez dela oraindik ere falta, begira nola erabiltzen den oraindik gure partidu printzipalean, inor ofenditu nahi gabe esanda. Auzoari kontuak eskatzerakoan hain garden eta hain zehatz eta etxekoan izenean ere ez adostasunik. Enfin.

            Erdaldunek Euskadi hitza bereganatzea uste dut izan dela detonantea. Diglosia kronikoaren eragina, Españiako prentsak Pais Vasco Euskadi hitzagatik ordezkatu, garai hartako gure exijentziek nahi zutena, eta Españian hori erkidego autonomoko lurraldeen izentzat hartzen da, ezin baitute imajinatu hiru herrialdeetatik kanpora euskaldunik egon daitekeenik. Horrek molestatu egin du zenbait jende euskaldun.

            Nik uste Euskal Herria dela izenik egokiena gure herriarentzat, jendeak errazen onar dezakeena, tradiziorik gehienekoa eta inolako neologismorik gabea. Baina egun egiten ari garen erabilera egiten badugu, euskaraz ez diot arriskurik ikusten, baina bai gazteleraz, Euskadirekin pasa zaigun antzekoa pasako zaigu. Euskal Herria erdaldunen Euskadi izango dela, nazionalisten aberriaren izena, ezker abertzalearen eta biolentzia politikoaren aldekoen aldarrikapena soilik. Aspertu egingo gaitu. Guztiak izanik ere, denik ukatu gabe, Euskal Herria hitza gu guztiontzat zerbait gehiago da.

            Etorkizunean ez dakigu zeinek egingo digun xantaia, baina pentsatzen hasi behar genuke Euskal Herriak izenaren balioez eta gaitasunez eta futbolari txarren desprestigio intelektualaz. Zer ez lukete hauek esango Españiako ligetako lehen mailako bi azkenak eta bigarren mailako erdipourdikoz beherakoak ez balira!

            Aberatsen krisia izango da gertatu dena, baina galdu, galdu esaten dena, herritarrek egin dugu.