Gure jolas haiek

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2008ko mai. 26a, 12:05

 

"Urrestillako Herri Batzordeak proposatu eta Udalarekin elkarlanean, garai bateko jolasen tailerra egingo dute larunbatean auzo horretan". zioen uztarria.comek maiatzaren 16an. Zer esan? Gauza asko baina, bata, notiziaren erredakzio erari buruzkoa da. Alegia oso Urrestillatik kanpokoa izan behar dela, gutxien gutxienez Azpeitikoa (besteok ez bagina bezala), notizia horrela idazteko. Ez naiz ari "auzo" hitzagatik "horretan" erakusleagatik baino. Badaude argitalpen lokal batean idazteko modu ez-zentralistagoak, kar, kar, kar....

Baina, zergatik ukatu, notiziak poz eman zidan, gustuko bait dut gaia, gustukoago jolasen gogoratze soila baino neure eta neure garaikoen haurtzaroa gogoratzea, baina biak dira bereiz ezinak.

Behin baino gehiagotan egon naiz tentatua, neuretzat bederen, umetan eta mutikotan genituen joko eta jolasak idatziz deskribatzera baina, ez dakit, probetxu gutxiko lana iruditu edo, alferkeria edo, aitona puzkarti irudia ez hartze aldera edo, halako latazoa agoantatuko didaten gutxi egongo diren usteak, zergatik eta zertarakoen zalantzek, ez didate bultzarik egin aurrera pauso hori ematera. Baina ez inbidiak eta poz txiki ugari pasa ez ditudalako zenbait idazle irakurtzean.

Gustuko dut Baroja eta Unamunoren testu memorialistikoak aldian behin eta saltoka irakurtzea. Irakurketa horretan konturatzen zara gutako edozeinen haurtzaroa literaturaratu daitekeela eta guztion interesa piztu. Harrigarria ere egiten da Bilbo bezalako ziudade batek, adibidez, eta Urrestilla bezalako herri koxkor batek eduki dezaketen elkarren antza, hizkuntza aztarna, joko, jolas eta abar.

Zenbat aldiz ez ditut gogoratu eta mentalki errepasatu gure zapoketan, atxeketan, potekilloketan, karabaketan, ameriketan, erregeketan, altapumean, katean herrenkan... eta hainbat eta hainbat joko (hauek denak, pare bat kenduta, mutilenak ziren). Zenbat muxika hezur eta kartutxo azal!. Zenbat aldiz ez ote zait bururatu deskribatu, arauak idatzi eta hizkuntza aldetik eduki zitzaketen kuriositateetan behera murgiltzea. Baina dena eginkizun dago.

Horregatik asko poztu nau uztarria.comeko notizia irakurtzeak eta hori Urrestillako frontoian izateak. Ez nintzen ikustera azaldu kuxkuxerotzat har ez nazaten, baina bai gustura kuskuxeatuko nuela.

Ez zait iruditzen tradizio guztiak berreskuratu beharrekoak direnik eta gutxiago lehengo gauzak, lehengo edo "garai bateko" izateagatik on eta mesedegarri direnik, baina bai batzuei oroimena haurtzaroko zorion askoren lurrinez blai egiteko balio digula eta beste batzuei denbora-pasa atsegin baterako baliabide zaiela. Ez da gutxi.

Beraz, gogoz txalotzen dut jarduna, Jolasaren pareko oroimena bait dugu urrestildar askok, Azpeitiko Udalak gure herrian ezer ere, baina zero zero, antolatzen ez zuenekoa. Ez hasierarik eta ez bukaerarik ez duen oroimena da, oroimen eternoa.

Bejondeiola Azpeitiko udalari! Eta pasadizoz esplikatzen badigu zer den Herri Batzordea, izen propioa edo izen arrunta, nola funtzionatzen duen, nork har dezaken bertan parte, zer erabakimen duen, zer arauk erregulatzen duen, eta abar, hobe baino hobeto. Zapo!