Biba alkate berria!

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2007ko urr. 4a, 01:10

Ez zaio bada herri honetan inori baimena eskatu beharko oihu hori egiteko, ez? Horra bada berriro, altu, klaru, irmo eta ozen: “Biba alkate berria!” Eta zer?

Lehenago nuen hau esateko asmoa, dexentez lehenago, baina goizegi iruditzen zitzaidan xurikeria eta koipekeriarekin nahastu gabe ulertzeko. Izango nuela gerora ere denbora pentsatzen nuen, esan eta esplikatzeko. Garaia etorri zenean, denborak okertzen hasiak ziren eta ez zitzaidan deihadar egokia iruditzen. Denbora aurrera egin ahala berriz ez da giroa hobetu, okerrera egin duela esango nuke eta gero eta aukera gutxiago dudala eztarria urratzeraino egin nahi nuen ulua egiteko. Guztiz ezinezko egin dadin baino lehenago horra beraz: “Biba alkate berria!”

A esan, be esan, orro itsuan lapidatzera ateratzen zaizkidan ziberadiskide hoiei ea nondik jotzen dien oraingoan eta esaten didatena, edozer dela ere, nereak ulertu ondoren esateko saioa egiten duten. Ahalegina eskertuko da.

 

            Eta zergatik egin behar dut nik oihu Azpeitiko alkate berriaren alde? Bada garbi dago, Azpeitiko egungo udal gobernuak ondo egingo dituen lan guztiak herritar guztientzako ere on izango direlako. Gaizki egingo dituenak kalterako izango diren bezalaxe. Beraz, ez dago inor alkate txar bat komeni zaionik. Baina arrazoiketa honek zerikusirik ez du Azpeitian gertatu den lurrikara politikoarekin.

            Alkate berria, alkate on bat izan daitekeena, itun txar baten ondorio dela iruditzen zait, erresuminezko harreman bihurrien adierazpena, eta hori ez da oso ona ere izaten. Behin erresuminez jokatu duenak erakutsi du, besterik ez bada ere erresuminez jokatzen dakiela.... ez bedi horrelakorik izan.

            Alkate berriaren alde oihu egiteko ikusten dugu zenbaitek motiborik, hauetan nagusiena aukera historiko bat izatearena izango litzateke. Aukera historikoa esaten dut, zeren oraindainokoan herri horretako arrazoi historikoa PNVk zeukan indarra zen. Hain izan da indartsua non zenbait herritarrek beste aukerarik, ez dut esaten komeni zenik, posible zenik ere ez zuela ikusten. Eta hara non posible izateaz gain gauzatu ere egin den, eta bi gauza ikasi ditugun. Bata PNVrik gabeko gobernu bat, garrantzizkoa da hau, posible dela eta bestea PNVk ere ikasi beharra zeukala gauzak ez direla betikoak, beti eta betirako izaten ez eta bere euskal herrietan ere.

            Posible izan da Azpeitian alkate ezkertiar bat, orain aukera apartekoa da politika ezketiarra ere egiten duen alkatea dagoela frogatzeko.

            Beste aukera bat ikusten dut nik guztiz garrantzizkoa, bere biziko garrantzizkoa. Hau da, Azpeitia herri indartsu eta bizia da edozein aldetatik begiratzen zaiola. Sarean bueltatxo bat jo besterik ez dago potentzialitate eta dinamismo handiko gazteria eta herritarrak daudela ikusteko, Euskal Herrian bere tamainako herrien eta handiagoen artean erreferente bihurtzeko lain baliabide duena. Eta dinamismo guzti horrek, ahalbide eta potentzialitate guzti hoiek ez zeukaten, nere irudiko eta salbuespenak salbuespen, islada politikorik erakundeetan. Euskal kultura, euskarazkoa eta bestea, folklore soiletik oso gaindi dago eta ez dauka munduko beste adierazpen kulturalen beldur zer izanik.

            Oraindainokoan balio hoietatik gehienek ezker abertzalearen mundu marjinal eta bazterrekoan zuten kabi. Orain da erronka. Ezker abertzaleak alkatetzan eta udal gobernuan daude. Marjinalitaterako arrazoirik ez dago, bolantista eta ganberroentzat salbu, beraz erakundeek kulturari eta ahalmen kritikoari leku egin behar diote marjinalitatean ezer utzi gabe. Eta batik bat, batik bat, ezker aberttzaleek konsziente izan behar dute autoexijentzia maila jaso beharra daukatela, eta autokritikari etengabe eragin beharko diotela. Erraza zela, errazegia, PNV eta enparauak kritikatzea, baita arrazoi edukita ere, baina orain egin beharrekoa beste hori dela, hain erraza ez den beste hori, PNVk egiten ez zuena alegia... klientelismorik gabe, noski.

 

            Eta horretarako ezinbesteko bada, ba hori, oihu egin beharko dugula:

            Biba alkate berria! Biba!

 

Oharra: Testu hau, bere osotasunean edo zatika, beste komunikabideren batean erreproduzitu nahi duenari zera eskatzen diot, jakinaraz dezala beste hamabost egun edo hilabete barru alkate berriaren kontra idazteko asmoa dudala. Libre izango delakoan beti ere.