Urola Erdiko II. Energia Jardunaldiak zapatuan egingo dituzte Zestoan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2016ko urr. 20a, 16:38

Aurtengo urtean zehar ere Urola Erdiko Energia Planak martxan jarraitu du eta eskualdean lan-lerro desberdinak jorratu dira, energiari lotutako hainbat helburu betetzeko asmoarekin. Besteak beste, joan den urtean lantzen hasitako nekazal ustiapenen proiektuarekin jarraitu da, ustiapenen egoera energetikoa hobetzeko asmotan, eta bai merkatariekin eta bai eskualdeko enpresa txikiekin ere lanean dihardute, planaren barruan.

Iaz bezalaxe, aurten ere eskualde mailan Energia Jardunaldiak izango dira difusio ekintza zentrala. Berriztagarrien Azoka Zestoan egingo da zapatu honetan, urriak 22. Usurbilgo Lanbide Eskolaren eskutik, energia berriztagarrien funtzionamenduari buruzko erakusketa izango da; eguzki plaka termiko eta fotovoltaikoak, biomasa galdarak eta auto elektrikoa dira, besteak beste, erakusketan aurkitu ahal izango direnak. Horrekin guztiarekin batera, Azpeitiko Udaltzaingoaren auto elektrikoa gerturatuko da 12:00ak aldera, eta umeentzako txokoa eta bizikleta elektrikoak probatu ahal izango dira goiz osoan zehar. Goiener, energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibak ere bere txokoa izango du, nahi duenak gerturatu eta informazioa izan dezan.

Besterik gabe, Urola Erdiko Energia Mahaiko kide diren udal eta erakunde guztiek urriaren 22an egingo den azokara gonbidatu nahi zaituztete.