Elkartasuna Ghulam Murtazarekin

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2023ko urr. 12a, 08:38
Ghulam Murtaza.

Himalaian bezeroek 8.000 metrotara abandonatu zuten porteatzailea Azpeitian izango da bere historia kontatzen, Alex Txikon eta Akhond Ishaqekin batera, datorren ostegunean.

Ghulam Murtaza goi-mendietako porteatzaile gazte pakistandar bat da. Uztailean, Broad Peak mendian, gaizki sentitzen hasi zen 8.000 metrotara. Bere bezeroek, ezin zuela jarraitu ikusita, bertan hiltzen utzi eta gailurrera segitzea erabaki zuten. Atzetik zetorren beste alpinista batek aurkitu zuen erdi hilda eta, esfortzu haundiz, behe kanpalekura jaistea erdietsi zuen.

Hala ere, Murtazaren izozketak hain dira larriak, behatzak galtzeko arriskuan dagoela. Eta behatzik gabe, ezin du bere eta bere familiaren sostengu ekonomikoa den ogibidearekin jarraitu.

Orain, Alex Txikon eta zenbait lagunen laguntzari esker, Euskal Herrira etorri da Murtaza, non bere behatzak salbatzeko saiakera egingo duten.

Datorren ostegunean, urriaren 19n, gurean izango da Murtaza eta, Alex Txikon eta Akhond Ishaqekin batera, bere historia eta egoera lehen eskutik ezagutuko ditugu. Hitzordua 20:00etan da, Soreasu antzokian. Sarrera borondatearen truke izango da, eta jasotzen den dirua Murtazari laguntzera bideratuko da. Emanaldia, elkartasun ariketa erraldoi izan dadila. Elkartasuna Murtazarekin!