29 mendizalek hartu zuten parte Vignemaleko itzulian

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2023ko urr. 2a, 11:47
Vignemaleko itzuliko asteburuan parte hartu zuten mendizaleak. (Lagun Onak MB)

Irailaren 23 eta 24an egin zuen irteera Lagun Onak MBk, eguraldi bikainak lagunduta.

Irailaren 23ko eta 24ko asteburuan Pirinioetan izan ginen, Vignemaleko itzulia egiten. 29 mendizalek hartu zuten parte irteeran. Bujarueloko aterpetxetik abiatu genuen ibilaldia, handik Bernatuarako lepora igo, eta ondoren Ossoueko aintzirara jaisteko. Gero, berriro aldapa gora, Hourquette d’Ossoueko lepora eta, handik, gehientsuenak Petit Vignemaleko (3.032 m) gailurra egitera animatu ziren. Eguna Oulettes de Gaubeko aterpetxean amaitu genuen, Vignemaleren irudi ikoniko eta ederra eskaintzen duena.

Hurrengo egunean, gaueko loak eta afariko ‘marmotadak’ indarberrituta, aldapa gora ekin genion egunari, Col des Muletseko lepora iristeko. Handik aurrera, aldapa behera jarraitzen zuen bideak, Ara errekaren haranean behera, aurreko egunean abiapuntu izan genuen Bujarueloko aterpetxera iritsi arte.

Aldeko eguraldia izan genuen bi egunetan, eta parte hartzaileen arteko giro bikaina. Beraz, elkarteak irteeraren balorazio ezin hobea egiten du. Hurrengo irteerak prestatzen ari gara, beraz, adi gure sareei eta laster arte!

Argazki galeria: labur.eus/vignemale23