Bueltan da Itsasaldeko Ibilaldi Neurtua

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2023ko mai. 17a, 09:49

Lagun Onak MBk antolatutako Izarraizko mendi martxa ekainaren 11an egingo da, eta rockthesport.com webgunearen bidez eman behar da parte hartzeko izena.

Lau urteko geldialdiaren ostean, ekainaren 11n egingo da Itsasaldeko Ibilaldi Neurtua. Aurtengoa mendi martxa honen XXV. edizioa izango da, eta ohi bezala, bi ibilaldi egongo dira aukeran: luzea (26 kilometro) eta motza (16 kilometro). Biak ala biak Izarraizko natur gunean murgiltzen dira, eta Erloko gailurra dute ibilbideko punturik altuena. Ibilbide luzea aukeratzen dutenak 07:00etan irtengo dira, eta 08:00etan ibilbide laburra egingo dutenak.

Mendi martxan parte hartu ahal izateko, www.rockthesport.com webgunean eman daiteke izena. Lagun Onak Mendi Bazkunaren bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek, berriz, 18 euro. Plazarik libre bada, egunean bertan ere eman ahal izango da izena, kasu horretan 20 euroren truke eta kamiseta ziurtatuta izan gabe.

Ibilaldiaren amaieran, paella eta sagardoa izango dituzte parte hartzaileek.