Alpinismo ikastaroa antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak otsailaren 25eko astebururako

Hainba lagun mendian. (Lagun Onak MB)

Belaguan izango da ikastaroa, Gipuzkoako Mendizale Federazioko gidek zuzenduta. Plazak mugatuak dira, eta parte hartu nahi duten kideek ahal bezain pronto eman beharko dute izena.

Otsaileko azken asteburuan, hilaren 25ean eta 26an, Lagun Onak MB Belaguan izango da, Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin batera alpinismo ikastaroa egiten. Neguan mendian seguru ibiltzeko funtsezko ikastaroa izango da, eta bazkunak azaldu duenez, norberaren mailara egokitzen saiatuko dira.

Plaza mugatuak izango ditu ikastaroak, eta lehenbailehen eman beharko da izena, 620 64 83 10 telefono zenbakira mezua bidalita. Lagun Onaken webgunean aurkitu daiteke egitasmoari buruzko informazio guztia, baita izena emateko prozedura ere.

Helduei zuzendutako ikastaroa da, eta parte hartzeko ezinbestekoa da mendian federatuta egotea eta Lagun Onak Mendi Bazkunako bazkide izatea. Ikastaroan parte hartzen duen kide bakoitzak 150 euro ordaindu beharko du.

Otsailaren 25ean, autobusa 05:00etan irtengo da anbulatorioaren aurretik, eta puntualitatea eskatu du bazkunak. Halaber, irteerara eraman beharrekoak honako hauek direla jakinarazi du: lotarako zakua, elurretarako arropa egokia, larunbat eta igande eguerdietarako jatekoa, kranpoiak, pioleta, kaskoa eta arnesa.