130 mendizaletik gora, Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia egitasmoko lehenengo etapan

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2023ko urt. 18a, 12:26
Lehen etapako parte hartzaileak. (Lagun Onak MB)

Azpeitia eta Andoain arteko lehen etapa joan zen larunbatean egin zuten hainbat lagunek. Bigarren etapa, berriz, otsailaren 11n egingo dute, Andoain eta Goizueta artean. Orotara, hamar etapa izango ditu #Azpeitia3EM egitasmoak.

Lagun Onak Mendi Bazkunak joan zen larunbatean eman zion hasiera Azpeitia eta Hiru Erregeen Mahaia mendia lotzea xede duen #Azpeitia3EM egitasmoari –hamar etapa izango ditu–. Azpeititik 128 lagun animatu ziren lehen etapan parte hartzera, eta Zestoatik abiatu ziren beste zortzi mendizale. Eguraldia lagun, eta giro ederrean, parte hartzaileek aise osatu zituzten lehen ibilaldiko 30 kilometroak; 16:00ak aurretik Andoainen ziren denak.

Hurrengo hitzordua, bigarren etaparako data, jarri du dagoeneko Lagun Onak Mendi Bazkunak: otsailaren 11n izango da. Andoain eta Goizueta lotuko dituzte, 22 kilometroko ibilbidea eginda. Elkarteak adierazi duenez, aurrerago emango du txangoaren gaineko informazioa.

Joan zen zapatuko etapako argazkiak ikusteko egin klik honako lotura honetan.