Zabalik da Azpeitia eta Iruñea lotuko dituen egitasmoko lehen etapan izena emateko epea

Hernio mendia.

Azpeitia eta Tolosa arteko txangoa datorren zapatuan, martxoaren 12an, izango da. Ostegunera arte izango da zabalik izena emateko epea. 22 kilometroko txangoa izango da aurrenekoa.

Datorren larunbatean ekingo dio Lagun Onak Mendi Bazkunak Azpeitia eta Iruñea lotuko dituen ibilaldi sorta osatzeari. Lehen etapa Azpeititik Tolosara izango da, Hernio eta haren inguruak alde batetik bestera zeharkatuta.

Ibilaldi polita izango da, baina kontuan hartzeko luzera eta malda ditu; izan ere, 22 kilometroko ibilaldia da, 1.400 metroko malda duena. Helduei zuzendutako txangoa goizez egingo dute, 08:00etan anbulatorio aurretik abiatuta.

Dagoeneko eman daiteke ibilaldirako izena Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean; hain zuzen ere, datorren osteguna izango da horretarako azken aukera. Bazkideek bost euro ordaindu beharko dute txangora joateko, eta bazkide ez direnek, zortzi euro.