56 lagun, 40 MLK probaren bigarren etapan

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2022ko ots. 16a, 13:32

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren ibilbidearen bigarren zatia osatu zuten hainbat herritarrek larunbatean, Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta. Ateri eutsi zion egunak, eta parte hartze handia izan zen ibilaldian.

Joan den larunbatean hainbat herritarrek osatu zuten Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren ibilbidearen bigarren zatia, Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta. Mandubiatik abiatu ziren partaideak, eta handik Azpeitira joan ziren, Izazpi, Samiño, Munoaundi, Txalintxo eta Xoxoteko gailurrak zapalduta.
 
Guztira, 56 lagunek parte hartu zuten egitasmoan, eta gainera, ateri eutsi zion egunak. Beraz, pozik daude antolatzaileak. "Beti da plazera etxe ondoan ditugun bide ez hain ezagunetan barrena ibiltzea. Eta, ikusitakoak ikusita, benetan ederra da maiatzaren 14rako prestatutako ibilbidea", adierazi du Lagun Onak Mendi Bazkunak. Beste kontu bat ere aipatu du elkarteak: "Azkenik, besarkada estu bat bidali nahi diogu, aurreko egunetik atunezko tortilla ogitartekoa prestatuta izanda ere, ibilaldian parte hartzerik izan ez zuen lagunari. Hurrengoan izango da!".
 
Argazki galeria osoa labur.eus/40MLK2 estekan dago ikusgai.