75. urtemugako posterra, eginda

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2022ko urt. 15a, 08:00

1946 eta 2021 arteko urte bakoitzean jaiotako 75 lagunek lagundu digute posterra osatzen. Hau da, 75 urte, 75 lagun; urte bakoitzeko bat. Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean eskura daiteke posterra.

Azaroan egin behar genuen 75 Urte Egunean nahi genizuen eman egitasmo honen berri, baina atzerapenak eta murrizketak medio, 2021. urtea joan egin zaigu.

Kontua da joan zen udazkenean, gure elkartearen 75 urteak ospatzeko ekimen polit bat jarri genuela abian: 1946 eta 2021 arteko urte bakoitzean jaiotako pertsona bati Erlo tontorrean argazki bat ateratzeko eskatu genion. Hau da, 75 urte, 75 lagun; urte bakoitzeko bat.

Ostera, guztien argazkiekin, gure 75. urtemugako posterra osatu dugu. Posterra tamaina errealean Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean ikus dezakezue –klikatu eskubiko botoiarekin irudiaren gainean eta erlaitz berri batean ireki–.

Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu ekimen honetan parte hartzera animatu zareten guztioi, harremanetan jarri ginen pertsona ia guztiek lehenengoan eta segituan eman baitziguten baiezkoa. Parte hartu duten lagunek gure elkartearen tabernan jaso dezakete posterraren kopia bana.

Berriro ere eskerrik asko, eta segi dezagun elkarrekin elkartearen bidea egiten!