Hurrengo larunbatean izango da Azpeitia #MugazMuga egitasmoko bigarrengo etapa

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2021ko mar. 20a, 14:15

Matxinbentan hasi eta Zurrunzolan amaituko da ibilbidea, tartean Nuarbetik, Eizmenditik eta Altzartetik igaro ondoren.

Martxoaren 27an egingo dugu #MugazMuga egitasmoko bigarren etapa, aurrekoan utzi genuen leku beretik abiatuta: Matxinbentan hasi eta Zurrunzolaraino joango gara, gehienontzat ezezagunak diren parajeetan barrena (Nuarbe, Eizmendi eta Altzarte zeharkatuz). Hamabost kilometroko ibilbide erosoa da, eta, beraz, lehenengo etapa baino denbora gutxiago beharko dugu amaitzeko.
 
COVID-19ak eragindako osasun egoera dela eta, kirol ekintzetan beharrezko diren protokoloak jarraitu beharko dira. Gehienez, sei laguneko taldeak antolatuko dira irteera puntuan. Norbaitek izena eman eta irteera egunean sintomarik badu, etxean gelditu beharko du.
  • Irteera: 08:00etan anbulatorio aurrean.
  • Ordaindu beharrekoa: bost euro autobusean bertan.
  • Izen ematea: martxoaren 25eko –osteguna– 21:00etan amaituko da epea, eta Lagun Onaken webgunean eman beharko da izena.