Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak Mendaurren izan dira

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2020ko uzt. 12a, 16:06

Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek ibilaldia egin zuten atzo, zapatua, Mendaurrera, eta Baztan bailarako hainbat txoko ikusi zituzten txangoan.

Atzo, larunbata, goizeko 07.30ean elkartu ginen 37 laguneko taldea Baztan aldera joateko, eta Arantzara abiatu ginen. Bertan, aurreikusita genuen Arantza-Mendaur-Mendieder-Ekaitza-Putzibeltz-Arantza ibilaldi zirkularra egitea.

09:00ak alderako oinez hasi ginen Mendaur (1.131m) tontorrera bidean, Arantza atzean utzita. Ibiltzeko eguraldi aparta egin zuen egun guztian zehar; zerua ez zegoen garbi, baina inguruko paisaiak ikusi ahal izan genituen. Igoera polit bat egin ostean, 11:15 inguruan tontorrera heldu ginen, eta argazkiak atera eta ikuspegiaz gozatu genuen. Tontorretik azpian ikusten genituen Zubieta, Ituren, Sunbilla, Doneztebe eta beste hainbat herri.

Ondoren, Mendaurreko lepora jaitsi eta Mendieder (1.071m) igotzeari ekin genion. Malda gogor bat igo, eta Mendaur atzean utzi genuen. Gainez gain pasa ginen Ekaitza (1.046m) aldera, eta 13:15 inguruan azken maldak igo genituen. Ikuspegi zoragarria genuen, aurrez pasatutako Mendaur eta Mendieder, Erasun herria eta abar.

Bazkaltzeko tartea hartu genuen ondoren, eta basoan sartuta Putzubeltzen bila hasi ginen. Orduan hasi zitzaigun eguna aldrebesten; izan ere, basoan biderik ezin izan genuen aurkitu: atzera, gora, behera... ibili ginen bidea topatzen. Azkenean, borda batean ikusitako lagun bati esker basoan zehar Putzubeltzera heldu ginen. Putzubeltz atzean utzi eta Arantzara joan ginen ondoren. Uste baino ibilbide luzeagoa eginda, baina egunak merezi izan zuen sentsazioarekin amaitu genuen txangoa.

Ibilbide aparta egin genuen, pena asko kostatu zitzaigula basoan bideari jarraitzea. 20:15 inguruan Azpeitian ginen berriro, umore onean egun ederra pasa ostean. Honako lotura honetan ikus daitezke ibilaldiko argazki guztiak.