Arrainaren eta Ardoaren ibilbideko bosgarren etapa, eginda

102 lagunek parte hartu dute GR-38 Arrainaren eta Ardoaren ibilbideko bosgarren etapa, zapatuan. 08:00etan atera ginen autobusez Azpeititik Urbinarantz, egueraldi triste xamarrarekin. 09:15 aldean ekin genion txangoari, eta hasieran bertan izan zuten parte-hartzaileek eguneko igoerarik handiena. Igoera txikia gaindituta, Urbinako tontorrera iritsi ginen, eta handik ikuspegi paregabeaz gozatu ahal izan genuen: alde batean, aurreko etapan egindako ibilbidea, Legutio ingurua eta urtegia; eta, bestetik, Ulibarri Ganboako urtegia.

GR-38 bideari jarraituz, Amarita eta Mendibil auzoetara iritsi ginen. Hain zuzen ere, 11:00 inguruan iritsi ginen Mendibilera, eta bertan egin genuen hamaiketakoa. Indarrak hartuta, Arroyabe ondotik pasatu ginen, eta Arbulu auzora iritsi ginen ondoren. Oreita auzoan genuen aurreikusita bazkaltzeko geldialdia, baina denboraz genbiltzanez, otordua egitera Estibalitzera iristea erabaki genuen. 14:45 alderako Estibalizen ginen, 22 kilometro eginda. Bazkaldu eta herria ezagutu ostean, 16:30an, itzulerako autobusa hartu genuen.

Seigarren etapa ekainaren 15ean izango da, eta 23 kilometroko ibilbidea egingo dute Estibalitz eta Albaina artean.

Larunbateko ibilaldiko argazki gehiago, honako lotura honetan ikus daitezke.