Izarraitz igeri elkartekoak bikain aritu dira Espainiako Txapelketan eta infantil mailakoen Euskal Herrikoan

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2024ko ots. 26a, 15:22
Izarraitz igeriketa elkartekoak infantilen Euskal Herriko igeriketa txapelketan.

Espainiako lehian Aratz Odriozolak eta Uxue Etxeberriak maila bikaina erakutsi dute, eta Izarraitzeko infantilek hamasei domina eskuratu dituzte Euskal Herriko lehian.

Kirol maila ona erakutsita, emaitza bikainak lortu dituzte Izarraitz igeriketa elkarteko igerilariek Sabadellen (Katalunia) jokatutako Espainiako Txapelketan eta Tolosako (Gipuzkoa) Usabal kiroldegian jokatutako infantil mailakoen Euskal Herriko Txapelketan.

Espainiakoan Aratz Odriozolak eta Uxue Etxeberriak lehiatu dute. Odriozolak 50 metroko bizkar proban parte hartu du, eta 29″12 marka pertsonala egin du, beste behin klubeko errekor berria ezarriz. Etxeberriak, 100 metroko bular proban 1’14″31 denbora eginda, maila bikaina erakutsi du, lehendik bere esku zegoen igeri klubeko errekorra hobetuz eta hamahirugarren postua eskuratuz.

Infantilen mailako Euskal Herriko Txapelketan Izarraitzeko igerilariek hamasei domina lortu dituzte, guztira. Marka pertsonalez gain, Espainiako txapelketetarako bi gutxieneko denbora lortu dituzte, eta klubeko errekor berria erdietsi dute. 4x200 eta 4x100 libreetan hirugarren postuak lortu dituzte Izarraitzekoek. Banan-banan honako lorpenak erdietsi dituzte: Ana Agirrezabalagak 100 metro librean brontzea lortu du eta 50 metro tximeletan zilarra; Laia Elortzak 200 metro bularrean zilarra eskuratu du, 100 metro bularrean brontzea eta 50 metro bularrean urrea. Gainera, azken proba horretan, Espainiako txapelketarako gutxieneko denbora erdietsi du eta klubeko 15 urtekoen errekorra egin du, 34"86; Aroa Azkunek 400 metroko lau estiloetara proban urrea lortu du, 100 metro bularrean zilarra eta 200 metroko lau estiloetara proban zilarra erdietsi du, Espainiako txapelketarako gutxieneko denbora eginez, 2'33"87.

Kimuen Espainiako Txapelketarako txartela lortuta

Izarraitz igeri elkarteko Malen Ezamak eta Julen Eizagirrek kimuen Espainiako Txapelketarako txartela lortu dute, eta Euskadiko selekzioarekin martxoaren 8tik 10era artean jokatuko dute, Cadizen.