Emaitza onak eta podium ugari Izarraitzeko igerilarientzat Euskal Herriko Txapelketetan

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2023ko uzt. 11a, 09:44
Uxue Etxeberria podiumaren maila gorenean, 100 metro bularreko proban lortutako urrearekin. (Izarraitz igeri elkartea)

Bederatzi domina, Espainiako Txapelketetan lehiatzeko marka bat eta taldekako laugarren postu bat lortu dituzte Azpeitiko igeri elkarteko kirolariek Gasteizen.

Emaitza onak eta podium ugari lortu dituzte Izarraitzeko igerilariek udako Euskal Herriko Txapelketetan. Absolutu, junior eta infantil mailako txapelketak joan den asteburuan jokatu zituzten, Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan.

Entrenatzaileek eta igerilariek denboraldian zehar eginiko lana ikaragarria izan da. Lan horren emaitza dira txapelketetan lortutako marka pertsonal eta domina guztiak. Emaitzen artean, azpimarratzekoa da infantil mailako nesken taldeak lortu duen taldekako postu bikaina.

Hauek izan dira gure igerilarien lorpenik garrantzitsuenak:

  • Uxue Etxeberria: urrezko domina 100 metro bular eta 200 metro estiloetan, eta zilarrezko domina 200 metro bularrean, absolutu mailan.
  • Mirari Goenaga: brontzezko domina 200 metro tximeletan, absolutu mailan; eta infantil mailan, urrezko domina 200 metro tximeletan, zilarrezko domina 100 metro tximeletan eta brontzezko domina 400 metro estiloetan.
  • Aratz Odriozola: urrezko domina 50 metro bizkarrean, infantil mailan.
  • Nora Eizagirre: zilarrezko domina 800 metro libreetan, infantil mailan.
  • Aroa Azkune: Udako Espainiako Txapelketan lehiatu ahal izateko gutxieneko marka (38.34) 50 metro bularrean, infantil mailan.

Denboraldi amaiera den honetan, gure igerilari askorentzat azken txapelketa izan da honakoa. Espainiako Txapelketarako gutxienekoa dutenek (Mirari Goenaga, Aratz Odriozola, Laia Elortza eta Aroa Azkune) lanean jarraitu beharko dute, bi aste barru Sabadellen (Katalunia) beren onena eman ahal izateko.

Zorionak igerilariei eta entrenatzaileei, denboraldian zehar egindako lan guztiagatik.