Taldeka hirugarren postua eta domina sorta, Gipuzkoako Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2023ko ots. 8a, 08:11
Hainbat igerilari Bergarako igerilekuan. (Izarraitz)

Infantil, junior eta absolutuen mailako txapelketa Bergaran izan zen asteburuan, eta Izarraitzeko igerilariek bederatzi urrezko, sei zilarrezko eta hamar brontzezko domina eskuratu zituzten banakako probetan. Erreleboetan hirutan igo ziren podiumeko hirugarren postura, eta taldeka ere hirugarren sailkatu zen Azpeitiko taldea.

Infantil, junior eta absolutuen mailako Gipuzkoako Txapelketan aritu dira Izarraitz elkarteko igerilariak asteburuan. Bergarako Agorrosin kiroldegian izan zen lehia larunbatean eta igandean, eta hainbat probatan parte hartu zuten Azpeitiko igerilariek.

Parte hartu soilik ez, emaitza bikainak lortu baitzituzten horiek. Zehazki, bakarkako probetan bederatzi urrezko domina, sei zilarrezko eta hamar brontzezko eskuratu zituzten Izarraitzeko igerilariek, eta erreleboetako probetan hirutan lortu zuten podiumeko hirugarren postura igotzea. Emaitza horiek ondorioz, taldekako sailkapenean ere hirugarren sailkatu zen Izarraitz taldea, bai nesketan, baita orokorrean ere.

Honako igerilari hauek ordezkatu zuten asteburuan Izarraitz Gipuzkoako Txapelketan, Jone Goenaga entrenatzailearekin batera: Uxue Etxeberria, Maier Lizarzaburu, Anne Sagarmendi, Mirari Goenaga, Maiana Uria, Nahia Amenabar, Nora Eizagirre, Ane Azkue, Noa Garate, Aratz Odriozola, Laia Elortza, Ana Agirrezabalaga, Oihana Otaegi, June Larrañaga eta Aroa Azkune.