2022ko Alebinen Teknifikazio Saria jokatuko dute igandean Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2022ko urt. 27a, 08:45

Gipuzkoa osoko 130 igerilarik parte hartuko dute herriko igerilekuan jokatuko den sariketan, eta, tartean, Izarraitzeko bost igerilari daude. Igandean, hilak 30, goizez zein arratsaldez izango dira probak.

Igande honetan, urtarrilak 30, 2022ko Alebinen Teknifikazio Saria jokatuko da Azpeitiko igerilekuan. Izarraitz Igeri Elkarteko kideek azaldu dutenez, Gipuzkoa osoko 130 igerilari arituko dira nor baino nor gehiago sariketan, eta horietatik bost igerilari Izarraitzekoak izango dira: Aroa Azkune, Jokin Artetxe, Iker Esteban, Mikel Ezama eta Aratz Odriozola. Hain zuzen ere, horiek bostak izan dira Gipuzkoako Igeriketa Federazioaren sailkapenean postu onenetan kokatu diren bost kirolariak. Igeriketa saioak goizean 10:00etan izango dira, eta arratsaldean, berriz, 16:00etan.

Igeri elkarteko kideek eskerrak eman dizkie Azpeitiko Udalari babesagatik eta Gipuzkoako Igeriketa Federazioari txapelketa antolatzeagatik, baita egunean bertan eta ondoren antolakuntza lanetan arituko diren Izarraitzeko kideei ere. Horrez gain, igerilekuko erabiltzaileei ere "esker ona" helarazi diete aurrez, sariketak eraikinean sor ditzakeen aldaketen jakitun baitira elkarteko kideak.