Izarraitzeko emakumeak Gipuzkoako Kopan txapeldunorde

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2022ko urt. 24a, 12:54

Zapatuan eta igandean jokatu dituzte taldekako lehiaketaren lau jardunaldiak Tolosako (Gipuzkoa) Usabal kiroldegiko igerilekuan, eta Tolosaldea taldearen atzetik, Gipuzkoako bigarren talde onena izan da Azpeitikoa.

Aurrekoan aipatzen genuen bezala, joan den astebukaeran igeriketako Gipuzkoako Kopa jokatu da Tolosako Usabal kiroldegian, Tolosako Igeriketa Taldeak eta Gipuzkoako Igeriketa Federazioak antolatuta. Xarma berezia duen txapelketa izaten da, taldekako sailkapenak hartzen duelako garrantzia, eta horretan emaitza onena lortzeko proba guztietan parte hartu beharra dago.

Lehen jardunalditik gure taldeko emakumeak bigarren postuan kokatu ziren, eta podiumeko maila horretan mantendu ziren igande arratsaldera arte. Alazne Sudupe, Ane Azkue, Anne Sagarmendi, Maiana Uria, Maier Lizarzaburu, Mirari Goenaga, Nahia Amenabar, Nahia Esteban, Noa Garate, Nora Eizagirre, Nora Uria, Nora Eizagirre eta Uxue Etxeberria dira Izarraitzeko talde osatu duten igerilariak, Isaac Pousada entrenatzaileak Ziortza Beistegiren, Ziortza Torrontegiren eta Iban Perezen laguntzarekin zuzenduta.

Julen Artetxe txukun B mailan

Emakumezkoek Koparen A mailan aritzeko aukera izan bazuten, gizonezko bakarra izan genuen txapelketan, eta ondorioz, B mailan lehiatu zen, baina bere maila emanez.

Klubak Julen Artetxe ere zoriondu nahi du, lehian gizon bakarra izan arren, astebukaera guztian egon zelako taldea behar bezala animatzen emakumeek aipatutako bigarren toki hori lor zezaten.

Aurki datoz zita garrantzitsu gehiago eta honek bultzada emango die gure igerilariei entrenatzen jarraitzeko. Azken finean uretan pasatutako ordu guztien emaitzak erakusteko gai dira igerilariak.

Zorionak, eta gora Izarraitz!