Ikasberri kirol elkarteak argazkien bilketa egingo du, 25. urteurrenaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Ikasberri Kirol Elkartea 2021ko abe. 8a, 15:58
Ikasberri kirol elkarteko kideak, duela bi urte.

2021-2022 denboraldian 25. urteurrena ospatuko du Ikasberri kirol elkarteak. Horren harira, kirol elkartetik igaro direnek etxean dituzten argazkien bilketa egingo du klubak.

Ikasberri kirol elkarteak 25. urteurrena ospatuko du 2021-2022 denboraldian. Urtemuga horren harira, datorren urtean hainbat ekintza egitea pentsatu dute, eta horretarako, herritarren laguntza behar dute. "Ikasberri kirol elkartetik pertsona asko igaro dira urte hauetan guztietan, eta ziur gaude zuen etxeetan izango dituzuela kirol elkarteko argazkiak: hastapenetakoak, Goenako futbol zelaikoak, futbol zelai berrikoak, ospakizunetakoak... Une horietako argazkiak jasotzea gustatuko litzaiguke, egingo ditugun ekintzetan erakusteko", adierazi du klubak.

Era horretako argazkiak izanez gero, ikasberrikirolelkartea@gmail.com helbide elektronikora bidaltzea edo zuzendaritzako kideren batekin harremanetan jartzea eskatu dute. "Asko eskertuko dugu zuen laguntza. Espero dugu ekitaldi horien bidez igarotako 25 urteak elkarrekin gogoratzea eta ospatzea", erantsi dute.