Boteprontoan

Zurea da hitza

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2023ko mai. 25a, 09:00

2023ko maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Honezkero iritsi zaizkizu, irakurle, promesa eta asmo onez eztitutako panfletoak. Ikusiko zenituen gure herriaren irudirik idilikoenak bilduz osatutako kanpaina bideo azukretuak. Matraka elektoralistak eta diskurtso gozoak alde batera utzita, azken lau urteetan ordezkari politikoek eginikoa behatzeko, aztertzeko eta epaitzeko garaia ere bada hauteskunde girokoa. Nota jartzen baitiegu denei, bidea amaituta doazenei zein ekintza gosez datozenei.

Nabarmentzekoak, azken agintaldiak izaniko zailtasunak; udalbatza berria lanean hasi eta gutxira topatu baitzen guztion bizitzak ziurgabetasunez bete zituen pandemiarekin. Hori guztia, ondoren herria komunikabideen azaletan eta orrietan jarriko zuten beste hainbat gai lehertuko zirela askotxorik jakin gabe. Izan da, bai, sestra eta zalaparta, ildo desberdinetik jo nahi izan dutenen arteko talka garratza.

Horixe du itsusitik politikak, lubakiak zeharkatzen saiatzea, soilik ausarten –ala traidoreen, nork daki– zeregina dela. Balio beza hauteskunde prozesu honek estrategiak alderatzeko, proposamenak mahai gainean jartzeko eta herri gisa gure etorkizunak zein kolore izan behar duen erabakitzeko. Azpeitiar estimatu hori, zurea da hitza.