Kronika

Azken-aurreko dantza

Erabiltzailearen aurpegia

Ignacio Arakistainek honako kronika hau idatzi du Euskal Antzerki Topaketen barruan atzo izan zen Pinnochio obraren inguruan.

Bezperako antzezlana ikustera joatea ezinezkoa izan zitzaidan musika kontuak medio, eta atzokoan bueltatu nintzen azken hiru astean ohikoa bihurtu zaigun protokolora. Sarrera hartu, antzokira sartu eta lagun artean, antzerkiaz gozatu. Lastima, ostiraleko Horman Poster konpainiaren lana ezin ikusi izana, baina ditudan erreferentziak kontuan hartuta, beraien piezarekin publikoak gozatzeko parada izango zuenaren dudarik ez dut. Ea laster Sofoklesen hariari tiraka sortutako obedientziaren inguruko obra ikusteko aukera dudan. Atzokoan, Euskal Antzerki Topaketei amaiera eszenikoa emateko, duela urte batzuk publikoaren saria irabazi zuen Gorakada taldeak ipuin klasiko baten interpretazio propioa taularatu zuen. Guztiok dugu Pinnochioren kontakizunaren berri, XIX. mendean literatura italiarraren baitan sortutako pertsonaia lan narratibo edo zinematografiko hainbaten protagonista izan baita.

Pertsonaia unibertsalen indarra, aurpegi biko txanpona da. Alde batetik, norbanakoaren iruditerian dagoen zerbaitekin lan egiteak, publikoarekiko konexioa errazten dizu, istorioa ezaguna egingo baitzaio entzun eta ikusi behar duenari. Hala ere, pertsonaiaren nondik norakoak ezagutza komunekoak badira, istorioaren desitxuratzeak ikuslegoaren indiferentzia eta gaitzespena ekar ditzake. Eta umeen kasuan, are gehiago. Honek ez du esan nahi istorioa zure ahotsez kontatzeko lizentziarik hartzerik ez duzunik, baina helburuak beti berbera izan behar du: mezua helaraztea eta publikoari mezua heltzea.

Elementuen muntaian zegoen atzoko lanaren arazo edo konpontzeko puntu nagusia. Ideia zentrala polita zen, esfortzuaren eta amore ez ematearen ideiak beti baitira sustengu ahaltsua umeei balioak transmititzerakoan, baina istorioaren progresioa eta eszenaratzerako orduan zenbait jokoren funtzionamendu ez oso aberatsak, luzeegia bihurtzen zuten burdinezko Pinnochioren arimaren bidaia. Erreferentzia kulturalak, gainera, asko zaindu behar dira umeentzako antzerkia gauzatzean, helduok geureak ditugun adiera asko ez baitituzte etxeko txikienek jasotzen edo ulertzen.

Hiru asteko menua itxiko duen postrea dastatzeko aukera, aurtengoan berritasun gisara programatutako itxiera galan. Azken-aurreko dantza izan baita gaurkoa. Han jakingo dugu publikoaren sariaren garailearen berri eta urte askoan hartzailerik izan ez duen klubak, partaide berri bat jasoko du. Txalo Saria emango zaio Joxe Aranbururi. Merezimendu osoz eta ohikoagoa bihurtu behar dugun tradizioa berriro martxan jarriz. Tamalez jada gure artean aurkitzen ez diren Pilar Aizpitartek, Imanol Eliasek edo Iñaki Bergarak garaian jasotako Abitaingo iturriaren erreplika izan bedi aitortza garaia, herri honen antzerki ibilbideko harriak jarri dituzten guztientzat. Beraiek ekarri baikaituzte gauden lekura, eta nire kasuan eta neurri batean, antzerki zaletasuna hiru astez ordenagailu aurrean iraultzera! Eskerrik asko!

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide