Denon barneko panpina

Erabiltzailearen aurpegia da hau Ignacio Arakistain | Iritzia
2019ko aza. 1a, 00:29

Argiak politak dira. Argiak bereganatzen gaituenean, bagara. Itzal iluna ateratzen zaio gure gorputzari, betiere jarraituko gaituen pseudonimo ilun bezain izukaitza. Nor gara? Funtsean garena ala ingurukoek gugan proiektatu nahi dutena? Panpina robotiko akats-bakoa bihurtzen gara gainontzekoen gogo, nahi, ilusio eta espektatibak betetze-ezinak sortutako beldurrak bultzatuta. Perfekzioaren erdiespena utopikoa dela badakigun arren, gure miseriak bide amaigabe horren lorratzetan ezkutatzen saiatzen gara. Guzti horren baitan dantzan Erika Olaizola taula gainean, infusio marka entzutetsu bat abizen modura bereganatuta. Erika, esentzian, ordea. Panpina, pertsonaia eta aktorea, denak organismo berdinean baturik. Zein da nor?

Zorte handia izan genuen Soreasuko agertokira igotzeko aukera izan genuenok, bart arratsean. Formatu ertaineko proiektua izanik, aktorearenganako gertutasunak atmosfera berezi bat sorraraztea ahalbidetu zuen. Erikaren ibilbide artistikoa jarraitzeko aukera izan dugunoi, argi geratu zitzaigun atzo aurkeztutako pieza bere barne-barnetik ateratakotik eraikia zegoela. Umore ukitu konstantearekin, lanean transmititu nahi dituen mezuak era soilean zein sinesgarrian iristen dira publikoarengana. Berrogeita hamar minutu inguruko ekitaldian denbora ia guztian azpeitiarrez hitz egiteak naturaltasuna eta freskotasuna txertatzen diote obrari, eta argiteriak, nola ez, omnipresenteak diren itzalak marrazten laguntzen dio Erikari, atal desberdinak girotzeaz gain.

Lan esentzial zein pertsonaltzat joko nuke Panpina. Puskatzailea baina xaloa, ikuslearengana bortizkeriarik igortzen ez duena. Sentsazio ederrak, herriko aktore baten lanak horrelako ikusmina sortzen duela ikusita. Sarrerak agortuta eta giro paregabea antzerki ondorengo mokadutxo-solasaldian. Ostegunetako sortzaile berrien zikloak poz handiak emango dizkigulakoan nago. Denok gonbidatzen zaituztet estreinaldiak diren antzezlan horiez gozatzera. Garrantzitsua baitzaie sortzaile horiei ikuslegoaren beroa eta babesa sentitzea. Garena maitatzeaz, onartzeaz eta hori lantzeaz diharduen Erikaren lanari ibilbide aberatsa opa diot, bertan erakusten denak denoi zer pentsatua emango baitigu.

Zorionak, Erika!

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu